www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

11
DONOSTIRA URREA SALTZEN

 

        Baita ere askotan entzun izan det, beste batean Pernando amezketarra Donostira juan zala eta Boulevard'eko Urdanpilleta zillartegi ederrean sartu ta an zegoan saltzalleari galdetu ziola:

        —Zu altzera emengo nagusia?

        —Ez, ni morroia naiz. Zer nai zenduke?

        —Berakiñ itz egiñ.

        —Laister etorriko da bada; eta exeri zaitez bitartean.

        Ordu erdi baño len etorri zan nagusia eta galdetu zion Pernando'ri ia zer nai zuan.

        —Jauna, nik jakin nai nuke ollanda arrautza baten tamañuko urre puska batek zer balio ote duan.

        Zillartegiko nagusiak pentsatu zuan karlisten gerratian, bat edo batek gordetzeko emandako urre zatiren bat izango zula, edo Amerika'tik indianoren batek ekarritakoa edo... Edozer modutan ere uste izan zuan baserritar arek zekarren urrearekiñ asko irabasiko zuala., eta sorbaldan joaz, esan zion —Orretzaz, gero itz egingo degu presa gabe eta orai nerekin bazkaltzera etorri bear dezu. Eta Pernando'k serio-serio erantzun zion: —Bai, jauna, berorrek nai duan bezela.

        Zillartegiko nagusiak eraman zuan ba Pernando bere etxera eta bazkari ederra eman zion. Baita kafe, zigarro puro, eta beste edari on batzuek ere.

        Jan-da-edan majo egiñ zutenean dendariak esan zion: —Ia, atera ezazu bada urre puska ori, orai ikusiko degu zenbat balio duan da.

        Eta Pernando'k: —Nik ez daukat urrerik.

        Zillargilleak aserratuta: —Ez daukazula urrerik?

        —Ez, jauna.

        —Zertan etorri zera ba neri ori galdetzera?

        —Iñoizko denboran orrelako urre-zati baten jabe egiten ba'naiz edo... jakiteagaitik zer balioko leukean.

 

aurrekoa hurrengoa