www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

41
KEMUJER NEURI?

 

        Oraiñ esatera nuana neuk entzundakoa da, Ea izena duan Bizkai'ko erri txiki pollit batean. Emen agertzen diran emakume biak il ziran, baña neuk ezagutu nituan; biak ziran emakume on-onak, eta batek oso erdera gutxi zekian. Liverpool'en, Hamburg'on, Amberes eta orrelako erri aundietan ibillia zan bere senarrakiñ, au itxasgizona zan da.

        Ez noa euren izenak emen ipintzera, baña abizenak ipiñiko ditut Bizkai'ko abizen ederrak biak. Bata zan Zabalandikoetxea'ren alarguna eta bestea Zabaljauregi'ren emaztea.         Onek bai zekian erderaz. Manila'n urte asko, bere senarrakin igaroa zan.

        Ara bada, egun baten andre biak zerbaitegaitik aserratu ziran eta alkarri gogor xamar itz egin zioten, gauza txarrik, eta itz itxusirik batak besteari esan gabe, asiera onekoak ziran biak eta, Ea'ko jende guztia bezela.

        Euskeraz ari ziran biak, baña Zabaljauregi'ren emazteak, esaten ari zana bukatu zuanean, erderaz esan zuan: —Jesús, qué mujer!

        Eta besteak gauza txarren bat zala uste izan zuan eta aserre biziaz erantzun zion: «Kemujer dio berak? Kemujer neuri? Zeu zara zu Kemujer; ez ni.

 

aurrekoa hurrengoa