www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

3
AI NERE MANTELIÑA!

 

        Gipuzkoa'n, Larrabaster izena duan baserri on batean neskatxa eder bat zuten neskame, Mari Iñazi izenduna. Neskatxa egokia, liraña eta dotoria. Dotoria batez ere. Urtean beiñ jasotzen zuan soldata, baña ez zan soldatari begira egoten oi zana soñeko ta oñetako berriak erosteko. Etxeko andreari eskatu oi zion dirua, ta onek aitzaki gabe eman ere bai. Orregaitik ibiltzen zan aiñ dotare.

        Egunero Zumaya'ra jun bear izaten zuan esnea saltzera, ta bidean errekatxo bat igaro bear izaten zuan. Soñeko berri bat egitea gogoratu zitzayon egun batean, eta pentsatu zuan manteliña berri batekiñ izango litzakeala egoki soñeko berri ura, eta manteliñ berria erosteko dirua erraz egingo zuala esneari ura boteaz. Egun artatik, errekatxoa igarotzean esneaz bataitu egiten zuan eta uran dirua gorde.

        Bear ainbeste diru inguratu zuanean, Zumaya'n erosi zuan manteliña berria, eta Pasku egunean besperetarako jantzi zuan soñeko berria.

        Oñetakoak eta manteliña eskuan zituala erten zan bazkalondoan Larrabaster'etik, zapatak eta manteliña Zumaya'n jazteko asmoetan baserritarrak egiñ oi duten eran. Arro-arro zijoan gure Mañazi, «nor naiz ni», esanaz, baña, au negargarria, errekatxoa igarotzean, arri batean txirrist egiñ zualako eskuan zerarnan manteliña uretara erori zitzayon, eta errekatxoa azi xamarra zijoalako azkar urrindu zan manteliña eta begien aurretik ezkutatu ere bai.

        Mañazi'k negarrari eman zion eta samiñtasunez esan zuan: —Ai nere manteliñ berria! Urak ekarri eta urak eraman.

 

aurrekoa hurrengoa