www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

87
«BAI, JAUNA»

 

        Oraiñ larogei urte, nere errian ez zan telefonorik, ez telegraforik; eta auzo erri batera, berri txar edo naiz on bat biali bear ba'zan, gizon edo emakume bat bialtzen zan, au da bidazti bat, oñez joan da etorri ariñ egiten zekian batedonbat.

        Esaterako personen bat gaizki ba'zegoan, eta sendagilleak, gaizki zegoala ta eleizakoak emateko agintzen ba'zuan, beste auzo errietan zituan senidietara bidazti bat bialtzen zan. Itzez egiten zuan bere zeregiña, ez kartarik, ez paperik eraman gabe, eta geyenean itz berdiñak izaten ziran berri txar au eramateko: «Urlia, oso gaizki dagoala, eta bizirik ikusi nai ba'dezu azkar joateko»

        Bidaztiari peseta bat ematen zitzayon, eta ondo ordaindua zan denbora ayetarako.

        Orra bada, egun batean nere erriko jaun batek karta bat bialdu nai zuan eskuz-esku Azkoitira, ta mutill gazte bati deitu zion, eta esan: —I, Axentxio, Azkoitira joango al aiz karta bat eraman eta beste bat ekarri egitera?

        —Bai, pozik, jauna.

        Neure zaldi-gañian juango aiz; zortzirak dituk, eta arratsaldeko ordu bietarako joko dek etxia. Azkoitia'n denbora gutxi galduko dek, beriala emango die erantzuna-ta.

        —Bai, jauna, bai, erraz etorriko naiz ni ordu bietarako.

        —Ara, ba, emen karta, Azkoiti'ko Don Jose lgnacio Etxaniz'entzat ; ta ara iretzat, peseta zuria eta artzak oraiñ zaldia eta ekiñ bidiari.

        Gure mutill gaztea arro erten zan erritik jayetako erropak jantzita eta Galtzakorta jaunaren zaldi gañian. Zubi txikitik igaro zanean «Kaixo! mutill; nora ua»? —galdetu ziotenari, erantzunik eman gabe, ta len baño ariñago zaldia ipiñiaz. Napoleon bera ere arrokeri gutxiagokin joan zan zaldi-gañian, Austerlitz'en garaitu zuanean.

        Azkoitiko plazara eldu zanean gelditu zuan zaldia eta an igaro zan gizon bati esan zion: —Aizu; nik Don Jose ignazio Etxaniz'enetik joan da etorri egiñ bitartean, zaldi au eukiko al'didazu?

        Eta gizonak itzal aundiakin erantzun zion:

        —Bai, jauna.

        Orduan gure mutillak, aberatsen erara sartu eskua patrikan eta Galtzakorta jaunak beretzat eman zion peseta zuria eman zion. Nere ustez, une aretan Galtzakorta jauna bera zalakuan zegoan.

        Arratsaldean, bete zeregiña bete eta zaldia kortan utzita etxeratu zanean, amak esan zion: —Axentxio, Galtzakorta jaunak pesetaren bat emango zian ba?

        —Bai, ama, peseta zuri egiñ-egiña».

        —Nun dek ba?

        —Azkoitian zaldia euki ditan gizonari eman diot.

        —Baña, mutill, peseta orrela emango uan ba?

        Eta Axentxio'k, arpegi tristiakin erantzun zion:

        Zer egingo nuan ba, ama, gizonak: «bai jauna», esan ezkero?

 

aurrekoa hurrengoa