www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

24
MAYETZ LUZEA

 

        Mayetza edo Loreilla izan oi da Euskalerriko etxeetan, jateko gauzarik gutxien egon oi dan denbora. Gaztaña ta sagarrak antziñakoak, lursagar, eta baba berriak, oraindik eldu gabiak, baratzako, piper, tomate ta orrelako gauzik ere ez ; itz batean esateko, baserrietan illik eskasena izan oi da loreilla, eder eta alaya dan arren.

        Mutriku'ko Errotagaiñ izena zuan baserri ederrean, etxeko-andrea —Matista— oso emakume burutsua eta gobernu aundikoa zan ; Langille utsa, garbia, begiratua eta berakatz atala baño fiñagoa. Ezkontzaz, Errotagañera etorri zanetik, etxeak aurrerakada aundia egiñ zuan.

        Neskamea zuen tentel zamarra, baña esandako lanak ondo egiten zitualako, ta soldata txikiakiñ konporme zalako, urtietan zeukaten etxean. Auzoko andreren batek esan ba'zion: —Matista, aurten lursagar asko dezute, edo babarrun asko, edo lukainka asko egin dituzu; Matista'k erantzun oi zuan:

        —A! etorriko da mayetz luzea, danak eramango dituana; badakizu, beiñ mayetza etorri ezkero, gauza gutxi gelditu oi da etxean da, obe da beti ere, palta izatea baño, sobra izatea.

        —Bai ala da.

        Neskame Lelantoni onek (inguruan danak Lelantoni deitzen zioten) sarritan entzun zion etxeko-andreari etorriko zala «mayetz luzea, danak eramango zituana»; eta etxekoak Mutriku'ra mezatara Junda, bera bakarrik etxean zegoan igande batean, gizon luze-luze batek atea jo zuan. Eskalea zan. Lelantoni'k «Aita gurea» erresatzeko astirik eman gabe galde zion: —Aizu, zu al zera mayetz luzea?

        —Zergaitik galdetzen dirazu ori?

        —Gure etxekoandreak dionez, mayetz ;luzeak bear ditu lukainka ta beste gauza batzuek, eta augaitik galdetzen dizut.

        Eskaleak igerri zion neskameari, tentel zamarra zala, ta erantzun zion: —Bai, neu naiz ba.

        —Zaude bada, pixka batean, esanaz, sukaldera juan, eta ixegita zegoan urdai zati aundi bat eta lukainka luze bi ekarriaz, esan zion eskaleari:

        —Tori, zabaldu zazu sakela, gure etxekoandreak, amaika bider esan du etorriko zerala ta, noiz edo noiz agertu zeranean —esanaz, sartu zizkion sakuan eta... Eskaleak eraman zuan ariñiketa aldapa bera, etxekoak etorri baño len, andik urrutiratzeko!

        Etxekoandrea-ta, mezatatik etorri ziranean, eta urdai ta lukainkak eraman zuten bidea jakiñ zutenean, Mutriku'ra juan da mikeletiak erten zuten eskalearen billa, baña... «jun da arrapa zak»!!

 

aurrekoa hurrengoa