www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

27
SEKRETARIO JAUNAK TXERRIA IL

 

        Amezketa'ko Sekretarioak, Gabon aurreko egun batean txerri aundi bat il zuan, eta egun berean deitu zion Pernando'ri eta esan zion: —Aizu, Pernando; zu, gizon argia zera eta gauza bat esan bear didazu. Txerri aundi bat il degu eta neuk, urtearen buruan, odolki ta lukainka ta txerri zari asko artzen ditut, eta ba'dakizu neuk ere oraiñ eman egiñ bear...

        —Bai, jauna, artuak emanakin sabore.

        —Bai, baña, nik eman gabe pasa nai nuke; neuk artu ditudan etxe danetara bialtzen asten ba'naiz, txerri gabe geldituko naiz ta.

        —Ez eman iñori ezer eta kito.

        —Bai baña, ez nuke erritarrakiñ gaizki gelditu nai ordea. Orregaitik deitu dizut, eta zuk asmatuko dezula, uste det zerbait, iñori ezer eman gabe danaki adizkide gelditzeko modua.

        Eta Pernando'k erantzun zion: —Asmatu ez? Bai, jauna, bai, asmatuko degu. Erraz ala ere. Ara: oraiñ, berialaxe (goizeko zazpirak ziran) exeki beza txerria soka bategaz, goiko balkoitik, eta egun guztian ala euki, erri guziak ikusi dezan; illuntzian ere ez artu presa aundirik sartzeko, eta zazpirak aldian ixil-ixillik sartu barrura eta gero, txerria txintxilika egon dan lekutik ostu egiñ dutela esan, eta mundu guztiak siñistuko dio. Nola ez bada?

        —Aizu, arrazoia daukazu, orrelaxe egingo degu.

        —Bai, jauna, bai, ez dauka orretara iñori erregalorik eman bearrik, eta datorren urtean ere, iñork ekartzen dizkion erregaluak artu, eta... aurrera.

        Pernando'k esanda bezela txerria ixeki zuten balkoitik, eta egun guztian an egon zan. Biyen bitartean sukaldean odolkiak eta buskantza egiten jardun zuten, pozik, iñori ezer eman gabe libratuko zirala ta, Sekretarioen emazea, guztiz sekena bai zen. Al izan ba'zuan tximinitik gora zijoan kea ere gorde egingo zuan, emakume arek. Bere burutazioa izan zan txarria il da iñori ezer eman gabe libratzea.

        Ara, ordea, zer gertatu zan. Zazpirak baño lentxoago, Pernando etorri zanbere etxetik, aiztoakin, ebaki zuan soka, ta txarria bizkarrian artu ta iñork ikusi gabe, ta etxekoak ezer entzun gabe bere etxera eraman zuan txerria. Gau illuna zan guztiz. Orduango zazpirak, zazpiretan izaten ziran da, ta ez oraiñ bezela seirak.

        Sekretarioanean txerria sartzeko asmoak artu ziranean... txerririk ez... Asi ziran arrantzaka, lapurrak eldu zirala ta, txerria eraman zutela, ta orroa batean, baña... txerria palta. Pernando'k txerria etxeratu zuanean, esan zion emazteari: —Aur txikia eraman ezazu zeure aizpa Ana Prantzizka'nera eta ariñ etorri. Emaztea etorri zanerako Pernando'k txerria seaskan ipiñi zuan eta ondo estalduta, sukalde bazterrera eraman da emazteari esan zion: —Zu emen egon ni etorri artean zeazkari eragiñaz eta aurrari kantatuaz. Au esanda Sekretarioan, etxera juan zan. Atetik aurrera igaro baño len, onek esan zion: —Pernando, txerria ostu digute.

        Eta Pernando'k serio-serio: —Ederki esaten du, jauna, ederki esaten du. Orrela esaten ba'du siñistuko diote.

        —Baña, Pernando, ez naiz txantxetan ari, benetan ari naiz, txerria eraman egin digute.

        —Orrela, orrela esan bear du, egia ba'litzake bezelaxe.

        Azkenez Sekretarioak esan zion: —Pernando, nik zure etxean sartu erten bat egiñ nai nuke ba. —Sekretarioak pentsatu zuan bera izan ote zan.

        —Bai, jauna, bai, berorrek nai duanean, oraiñ bertan nai baldin ba'du. Guazen, baña aguazilla ere bear degu bai dakit zertara dijoan da, Irurak Pernando'n etxera eldu ziranean, andrea zeazkari eragiaz aurrari kantatzen zegoan.

 

                Nere aurtxo politta

                Zeruan zer berri

                Zeruan berri onak

                Oraiñ eta beti.

 

        Etxe guztia ikusi zuten, okollu ta ganbara eta zapaia ere bai, baita etxe inguruak ere, bakoitzak parol bana'rekiñ baña txerririk ez zuten aurkitu.

        Eta Pernando'k agur egiterakoan Sekretarioari esan zion: —Eta, Don Belantzio jauna, urrengo txerria iltzen duanean, ez gero neri ezertarako deitu, ez naiz juango ta.

 

aurrekoa hurrengoa