www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

61
URREZKO AIZKORA

 

        Txabola zar-zar batean senar-emazte batzuek bizi ziran beren umeekin. Guztiz txiroak edo pobreak ziran eta otz aundia zan egun batean gizona basora juan zan egur billa. Jateko gauza aundirik ez zeukaten ezkeroz, berotzeko sua bada ere izan zezaten.

        Ibai aundi baten ertzean asi zan egurra ebakitzen, eta eskutik irrist eginda aizkora ibaira erori zitzayon. Ibayak ur aundiak zeramazkian, eta gizonak aizkorarik ezin atera zezakean. Eta nola ez zuen beste aizkurarik, ez berria erosteko dirurik, urari begira negarrez azi zan.

        Hermes agertu zitzayon eta galdetu zion: —Gizona, zer dezu orrela negar egiteko?

        —Egurretara etorri naiz eta aizkora uretara erori. Gaur gabean nere umeak otzak ilko ditu.

        Hermes uretan sartu eta urrezko aizkora bat atera zion.

        —Au al'da zure aizkora?

        —Ez, ori ez da nere aizkora.

        —Berriro uretan sartu ta Hermes'ek zillarrezko aizkora bat atera zuan.

        —Au al'da zure aizkora?

        —Ez, ori ez da nere aizkora.

        Irugarren aldiz uretan sartu ta Hermes'ek galtzairuzko aizkora bat atera zuan.

        —Au al'da zure aizkora?

        —Bai, orixe da nere aizkora —esan zuan gizonak poz-pozik.

        Eta Hermes'ek esan zion: —Gezurtia ez zeralako ta egia esan dezulako, artu zeure aizkora burnizkoa eta gañera nik opatzen dizutan urrezkoa ere baita.

        Gizonak egur karga ederra ebaki ta ariñ juan zan bere etxera urrezko aizkora aldian zuala.

        Auzoko gizon batek jakin zuanean gertaera au, —artu zuan aizkora zar bat (bai zuan beste bat obea) juan zan ibai ondora, bota zuan arrika aizkora ta negarrez azi zan.

        —Hermes agertu zitzayon eta besteari bezela galdetu ere bai, —Zer dezu orrela negar egiteko?

        —Egurretara etorri naiz eta aizkora uretara erori. Nere ume gaxoak gaur gabean otzak ilko ditu.

        Hermes'ek uretan sartu ta urrezko aizkora eder bat atera zuan.

        —Au al'da zure aizkora?

        —Bai, bai, orixe da nere aizkora —erantzun zion, esku biak luzatuaz.

        Baña Hermes'ek esan zion:

        —A, gezurti zarra! Uste izan dezu neri ziri ori sartzea? Eta gezurren bitartez neri urrezko aizkora kentzea? Ez orrelakorik. Ez dizut ematen ez urrezkorik eta ez eta ere zeuk bota dezunik. Eta gañera, etxean gordeta utzi dezun aizkora ez dezu iñoiz billatuko. Eta ala gertatu zan.

 

aurrekoa hurrengoa