www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

5
DONOSTIRA INTZENTZU BILLA

 

        Aizarnazabal'eko erretore jaunak, San Migel egunean, Meza Nagusia bear bezelakoa nai zuan ; ez edozer moduzkoa. San Migelak dira bada Aizarnazabal izena duan Guipuzkoa'ko erri polit bateko pestak.

        Au, antziña igarotako gauza da. Zumayatik ekarri bear zituan kanturako gizonak ; bigarren apaiza Aizarnatik, irugarrena Oikina'tik, eta sermoigillea Zarauz'ko praillien Komentutik.

        Dana ondo antolatuta zeukalakoan pozik zebillen Erretore jauna, baña pestarako bi egun palta ziralarik oroitu zan intzentzurik ez zuala elizan. Estutu zan Erretore jauna (ez baizan denbora artan ez trenik, ez autobusik, ez olako gauzik ezer ere), baña beriala pentsatu zuan nola egi.

        Deitu zion sakristauari eta esan zion: —Iñazio Mari, Donostira jun bear dek eta intzentzua ekarri. Kale Nagusiko Etxebeste'ren dendan erosiko dek. —Bai, jauna.

        Iñazio Mari juan zan Donostira eta Etxebeste'neko dendan sartu zanean, bat batean intzentzuaren izena aztu zitzaion, gizajoari.

        —Zuk zer nai zenduan? —dendariak galdetu zionean, ara zer erantzun zuan

        —Zera, e..., erri aundietako eleiz-puntzio nagusietan nola erabiltzen dute gauza bat eman eta kendu, eman eta kendu?

        —Eman eta kendu?

        —Bai, ara, onelaxe: (eta eskubiko besoa ezkerreruntz eta eskubirantz erabiliaz, adierazi zion) tira, eta tati, tira, eta tati.

        —A, bai, intzentzua esan nai dezu zuk.

        —Bai! bai, orixe; intzentzua.

        Eta galdu gabe txapelaren barruan ipiñi zuan Iñazio Marik intzentzua pañueluaren muturrian korapillo bat eginda eta pozik Juan zan Aizarnazabal'era.

 

aurrekoa hurrengoa