www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

88
OLLO ZURIA

 

        iZelako langillea ta ederra zan ollo zuri ura! Berak egindako etxetxo polit batean bizi zan, ibarrean.

        Mendi tontorreko leize-zulo batean berriz, azeri gaiztoa bizi zan, bere ama zarrakiñ. Ama-semeak, bata baño bestea gaiztoagoak ziran.

        Azeri semea, aspaldian ollo zuriaren atzetik zebillen; baña eziñ zuan arrapatu. Eta nola beste pentsamenturik ez zuen, ollo zuria arrapatzea baizik, ez jan eta ez lo zebillen azeria, ta dana argaldu zan; ezurrra ta azala besterik ez zuala gelditu zan lotsagabea.

        Baña ollo zuria ez zan beste batzuek bezela «uxu ta axa» ibiltzen; illuntzian goiz etxeratzen zan, eta bere etxetik urrutira ez zan iñoiz joaten. Augaitik, azeria alperrik zebillen bere ondoren.

        Egun batean ordea, zerbait pentsatu zuan eta azeri amari esan zion: —Ama, gaur ekarriko dizut ollo zuria. Lapiko aundi bat bete ur euki ezazu irekiten surtan, eta apari ederra egingo degu.

        —Ba dek ordua, seme zerbait egitekoa, —erantzun zion amak eta azeri-semea asi zan mendian bera, ariñ saku uts bat berakiñ zuala.

        Ollo zuriak egur batzuek biltzera erten zuan atea kixketean utzita.

        Azeria etorri zanean, atea zabaldu ta sartu zan barrura. Etxe danean ibilli zan bere burua ezkutatzeko toki billa. Lenengotik ogepean sartu zan, eta muturra kanpoan gelditzen zitzaion. Gero maipean jarri zan, eta an buztana agiri. Azkenez, sarrerako atean atzean makurtuta gelditu zan.

        Laister etxeratu zan ollo zuria besoa bete egurrekiñ. Eta etxean sartu ta atea itxitzeaz batera ikusi zuan azeria. Ay! ura bildurra artu zuana ollo zuriak. Bota bertan bera, egurrak, eta goi-goian zeukan otarara egaz igo zan, an seguru zegoala uste izanik.

        Baña azeri gaiztoak esan zion:

        —Laister jatxiko zera pollit ori.

        Au esanda, olloen azpian jarri ta bere buztana arrapatu nai bazuan bezela, —jira ta bira—, asi zan bueltak ematen.

        Ollo gaxoari buruko txorabiua egiñ zitzaion eta lurrera erori zan.

        Azeriak, artu, sakuan sartu, sakua lotu, artu bizkarrean eta mendian gora, bere etxeruntz asi zan. Zer nolako negarrak egin zituan ollo gaxoak sakuaren barruan. Bere malkoekin soñean zeukan mantala ta patrikaran zituan bi sudur-zapi busti zituan.

        Azeria pozik zijoan aldapa gora, baña egarritu egin zan. Eta sakua lurrean utzi, ta an inguruko errekatxo batera joan zan ura edatera.

        Ollo zuriak orduan patrikaratik guraizeak atera ta sakuari zulo bat egiñ da kanpora erten zan. Artu zuan, arri aundi bat, sartu zuan bere ordez sakuan, josi zuan zulua (ollo zuriak, titarea, guraizeak, aria ta jostorratza beti aldian erabilli oi zituan) ta bizirik, al zuan aguruen, aldapa bera, etxeruntz iges egin zuan.

        Azeria ura edanda etorri zan, artu zuan sakua bizkarrean eta danba-danba bai zijoan mendian gorabere etxera.

        Zerbait urreratu zanean amari oyu egin zion —Amaaa! Ura irakiten prest al daukazu? Emen dakart ollo zuria!

        Eta azeri amak erantzun zion:

        —Baiiiiii! lrakite bizian ziok

        Azeria sartu zan bere etxera ta esan zion amari:

        —Ama, kendu lapikotapa, baña zur egon, eta nik olloa botatzen detanean ariñ estali, iges egiñ ez dezan.

        Esan da egiñ, azeri amak altza zuan lapikotapa, ta azeri semeak sakua astindu zuanean, erten zuan olio zurien ordez, arri koskor aundi batek, lapikoa okertu ta ur irekiñak erten zan kanpora, azeri bien ankak kixkaldu zituan, eta gañetik erten zuen txipristiñak arpegia bieri dana erre zien.

        Azeri biak beriala il ziran.

        Ollo zuria berriz, andik aurrera pakean eta pozik bizi izan zan bere ibarreko etxe polit txukunean.

 

aurrekoa hurrengoa