www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

39
URREZKO ZAPATATXOA

 

        Oraiñ esatera noana ez da emen, gure Euskalerri maitean gertatua, Alemania'n baizik, amalaugarren gizaldian edo.

        Aita ta amarik gabeko mutiltxo umezurtz bat zan. Frederik izenduna. Ez zuan, ezta ere, beste seniderik eta aiderik, umezurtz gaxoak.

        Arrabita jotzen ederki zekian, eta abestutzen ere baita, eta denbora artan oitura zan bezela, erriz-erri, bere arrabita joaz eta guduketako ta maitetasun abestiak abestuaz bere bizi modua irabasten zuan. Amalau urte zituan Frederik'ek, negu gogorreko egun batean Colonia izena duan erri nagusira eldu zanean.

        Otz aundia zan, elurrak kale guztiak estaliak, ate guztiak itxiak; Frederik gixajuak ez zuan batere dirurik bildu goiz guztian.

        Gosez eta otzez ia illean, arratsaldean eleiza nagusian sartu zan. Colonia'ko leiza nagusi edo katedral'a oso ederra da, munduan diran katedral'etan onenetako bat. Alelare batean Amabirjiñaren irudi eder bat zegoan, Jesus aurtxoa besoan zualarik, eta Jesus umetxoak urrezko zapatak zeuzkan soñean.

        Frederik gixajua, Amabirjiña maitia zan; bera beste amarik ez bai zuen ezagutu eta joan zan bere aldarearen aurrera eta bere biotz ta gogo guziakiñ abestu zion Amabirjiñari esanaz

        «Nere Ama maitea: Zuk ondo dakizu nola aurkitzen naizen. Gaur ez det ezer jan. Ez det dirurik ogi-zati bat erosi al izateko. Otzak il biar nau. Zuk laguntzen ez ba'didazu galdua naiz. Lagun egidazu, Zeruko Ama maite orrek, zeure semea naiz ta».

        Begietan malkoak zituala ixildu zan bere eskari-abestia bukatu zuanean; begira zion Ama Birjiñari eta... Ara emen miraria! Amabirjiñak kendu zion Jesus aurrari oñ bateko zapatatxoa eta Frederik'eri bota zion irri-barre gozo bigun batekiñ.

        Frederik'ek artu zuan urrezko zapatatxoa, sartu zuan patrikan eta berriro arrabita joaz eta abestuaz eskerrak eman zizkion Amabirjiñari. Eta burua makurtuaz agur luze bat egiñ-da erten zan katedral'etik.

        Zuzenean «Urrezko zaldia» izena zuan ostatu batera juan eta jateko beroa eskatu zuan, eta su ondoan berotzea. Eman zioten jatein, berotu zan, eta pagatzeko urrezko zapatatxoa eman zion ostatuko etxekoandreari.

        Onek, bereala senarrari deitu eta esan zion —Mutiltxo orrek Amabirjiñaren Jesus aurrari zapatatxoa ostu dio; ara emen.

        Ostalaria juan, Juezagana ta esan zion, eta mutiltxoa kartzelara eramatera etorri ziran, baita ariñ eraman ere.

        Irugarren egunean iltzeko epaya eman zioten. Alperrikakoak izan ziran Frederik'en negar guztiak eta egiñ guztiak. Etzioten siñistu Amabirjiñak, berak, zapatatxoa eman zionik.

        Urkamendira zeramatenean, katedralan aurretik igaro bear zuten, eta Frederik gixajoak Amabirñari agur egiteko barruan sartzen utzi zezayotela eskatu zien juezari ta bera zeramateneri. Utzi zioten bada, iltzera dijoanari eleizan sartu-erten bat egitea ezin ukatu leikiela ta.

        Jende asko zijoan ume errukarrian atzetik, eta danak sartu ziran katedral'ean beraki batera.

        Frederik, zuzenean juan zan Amabirjiñaren irudi ederraren aurrera, eta sotiñga, baña ederki, abestu zion danak entzuten ziotelarik.

        «Zeruku Ama maitea. Agur egitera natorkizu. Urkamendira naramate ta. Zuk ondo dakizu. Nik urrezko zapatatxoa ez dizutala ostu. baña ez didate siñistu nai izan. Eta il egigo naute. Agur bada nere Ama ona. Laister zeruan alkarrekiñ izango gera».

        Au esan zuanakiñ batean orra bigarrenez miraria! Amabirjiñak kendu zion Jesus Umetxoari soñean zeukan urrezko bigarren zapatatxoa eta jende guztiak ikusten zuelarik Frederik'eri bota zion, begirakun bigun, gozo, maitetsuakin begiraturik. Juezak, Obispoak, apaizak eta beste lagun guztiak deadarka azi ziran: —Frederik erru gabea da! Ume orrek egia dio!; Ara nola geure aurrean bota dion bigarren zapatatxoa! Mutiltxo ori santua da! Eta urkamendira zeramaten! Emakumeak, ama ziranak batez ere, besoetan estutu ta laztandu egiten zuten, danak musu eman nai zioten, danak, bakoitzak bere etxera eraman nai zuten...

        Frederik, andik aurrera ondo izan zan. Ez zuan erriz-erri arrabita jotzen ibilli, bearrik izan. Colonia' ko burgomaestre edo alkateak semetzat artu zuan, Obispo jaunak ere asko lagundu zion, eta yakintza asko ikasi ta gizon ospetsua izan zan.

 

aurrekoa hurrengoa