www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

2
TONTOLAPIKO

 

        Gipuzkoa'n, Goyerriko erri baten bizi ziran ama-semeak. Ama alarguna, eta semea aiñ zan zentzun gabea ta buru bakoa, ze, erriko jende guztiak Tontolapiko ipiñi zion ezizena.

        Baña amak —gauza jakiña— bere semea besteak bezelakoa zala uste zuan, eta augaitik egun batean Azpeiti'ko azokara bialdu zuan koipe gezaearen billa.

        Gure mutikoa juan zan Azpeitira eta erosi zuan liberdi koipe geza, ta dendan eman zioten bezela buru gañean ipiñi, txapela patrikan gorde, eta bere erriruntz asi zan.

        Bero aundia zan egun aretan —San Bartolome eguna—; eta gure Tontolapiko burutik bera koipea zeriola, arpegia, belarriak eta alkandora danak koipez beteta zetorren.

        Etxera eldu zanean, buru gañean paper puska bat besterik ez zekarren.

Amak esan zion: —Baña, mutill, nun dek ba koipe gezaea?

        Ama, buru gañean ekarri det, zuk usulla ekartzen dezun bezela, eta urtu egiñ zait.

        —Ene seme, ontzitxo bat eraman bear uan, eta bideko iturrietan preskatuaz ekarri.

        —Bai, ama, urrengoan orrela egingo det bada.

 

* * *

 

        Beste egun batean, amak bialdu zuan gatz billa. Artu zuan gatza katillu batean eta bideko iturri ta putzu-zulo guztietan sartuaz-sartuaz, gatzik gabe eldu zan etxera. Bidean urtu zitzaion.

 

* * *

 

        Amak esan zion nola ekarri bear zan gatza, eta urrengo astearte batean Azpeiti'ko azokara bialdu zuan txarrikume bat erostera.

        Pañuelo aundi batean batu ta kolkoan sartu zuan txarrikumea, eta bai aberetxo au eta bai bera, naikoa lanekiñ eldu ziran etxera. Mutikoa arnasik artu ezinda, eta txarrikumea txakur amorratua baña areago aginka.

        —Baña, semetxo, txarrikumea, anka batetik sokakiñ lotuta, astiro-astiro ekarri bear uan —esan zion amak.

        —Bai, ama, urrengoan ala egingo det ba.

 

* * *

 

        Eta urrengoan lurrezko lapiko berri bat erostera bialdu zuan amak eta Tontolapiko'k sokatxo bat lotu zion kerten batetik eta lapikoa arrastaka zuala etorri zan. Baña etxeratu baña askoz leenago sokatik, lapiko-kartena bakarrik zeraman. Lapikoa puskatu zan Azpeiti'tik ertenda kilometro erdi bat baño lenago.

 

* * *

 

        Tontolapiko gizajoaren amak etsi zuan bere semeak buruan argirik ez zuala, eta ez zuan geyago iñoiz ezertara biali.

 

aurrekoa hurrengoa