www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

43
AMA BI

 

        Gizon on-on eta guztiz langille bat zan. Lantegi aundi batean lana egiten zuan, eta ondo xamar irabazi ere bai. Bere emaztea ere oso zintzoa zan eta dendatxo bat zeukan. Bien irabaziakin erregearen inbiria gabe bizi zirean. Baña... mundu onetan gauza onak gutxi irauten noski, eta urtebeteko alabatxoa utzita il zan emazte ona.

        Eziñ esan leike gizon gizajoak izan zuan naigabea ta samia.

        Maite bai zuen benetan eta biotz guztiz bere emaztea! baña, bizitzak bere eskabideak ditu ta, alabatxoak iru urte zitualarik bigarrenez ezkondu zan.

        Ezkon aurretik; bigarren emaztegayak, itz leunaki aurrarentzat maitetasun aundia erakusten zion, eta auxegaitik geyen bat ezkondu zan berakin.

        Baña emakume gaizto onek, dendatxoaren jabe egiñ zanean eta etxekoandretasuna eskuratu zuanean, umetxoarentzat maitetasun gutxi erakusten zuan. Itz gozo bat ez zion esaten, laztan bat ez zion ematen, eta begiratu on bat ez zion zuzentzen. Umetxoak bildurra zion eta aita lantegitik etortzen zanean izaten zan aren atsegiña ta poza. Neskatxoa apala ta ixilla zan, maitetasun gabe azitako umeak izan oi diran bezela, jolasik eta parrerik egiten ez zekian, eta beti bere arpegittoa itun ikusten zitzayon, eta ez zuan iñoribere biotzik zabaltzeko oiturarik.

        Egun baten eskolatik negarrez etxeratu zan. Ama, ordeak ikusi zuan umea negarrez, baña ez zion jaramonik egin. Zortzi urte zituan neskatxoak orduan.

        Aita etorri zanean, galde zion: —Zer dezu, maite?

        —Eskolan, Euxebi Odriozola'kin aserratu naiz, eta esan dit, nik ez daukatala amarik, ori (amaordeari begiratuaz) ez dala nere ama.

        Amaordeak, begiratu gogor bat zuzendu zion umeari, eta senarrari esan zion:

        —Entzuten al dituzu orren lotsagabekeriak? —Neskatxoa, erioa ikusi ba'lu bezela aitaren ondora juan zan.

        Aitak ezagutzen zuan emaztearen izakera; eta berakiñ eztabaidan ez asitzearren, umea artu ta dendara eraman zuan. An exerita neskatxoa belaunetan artu, eta esan zion bigunki: —Zuk ez jaramonik egiñ Euxebi'ri. Euxebi'k inbidia dizu zuri; zuk bi ama dituzulako eta berak, bat bakarrik. Zuk, ama bat Zeruan daukazu eta beste bat emen.

        Neskatxoa, malkoz betetako begiak zabal-zabalik zituala aitari begira gelditu . zan, ixillik, unetxo batean; baña une orretan gauza asko pentsatu zituan nonbait, eta, begirakun itunez esan zion

        —Aitatxo, Euxebi'k ama bat bakarra ta nik ama bi. Augaitik ote da ba Euxebi'k agiñeko miña duanean amak magalean artuta su ondoan eukitzea, eta nik agiñeko miña detanean ospiñakiñ aoa bustitzeko agintzea? Euxebi'k ama bat, bakarra ta nik ama bi ditudalako ote da, igandietan Euxebi'k illiak zedazko zinta urdiakin lotuak erabiltzea eta nik lokarri beltz itxusi batekiñ? Euxebi'k ama bat bakarra, eta nik ama bi ditudalako ote da, ark San Juanetan soñeko berria estreñatzea eta nik lengoa luzatuta jantzi bear izatea?

        Alabatxoaren itzak, aitari negarra atera zioten. Eta bere besoetan estu-estu egiñaz belarrira esan zion eztiki: «Maitetxo».

        Une onetan andreak erten zuan sukaldetik eta esku biak gerrian ipiñita esan zuan gogorki: —Ara emen, antzokia, bertan. Ez aldezu gaur lanera juateko presarik, edo bazkaldu bearrik, edo, aberastu egiñ al gera?..

        Gizonak ez zuan nai andreaki aserrerik, eta sudur zapiakiñ malkoak legortuaz, jaiki eta esan zuan —Guazen, guazen, bazkaltzera, berandu det eta.

        Baña urrengo igandean alabatxoa beste erri batera eraman zuan;bere emazte zanaren aizpa baten etxera, eta esan zion bere koñatari: —Bai dakit nere umea, nere bigarren emazteak baño maiteago dezula, eta zeure etxean pozik artuko dezula. Zaitu egidazu zeurea balitz bezela, soñekorik edo oñetakorik bear duanean erosi, nik ordainduko dizkitzut guztiak eta eskolara zeureakiñ batera bialdu. Ni, illean beiñ etorriko naiz zuek ikustera, eta amasei bat urte arte ez nuke nai nere etxera eraman. Beiñ urte oyek ezkero bere burua aldeztuko du.

        Aur txikiak lurrean utzita il ziran amak, egun artan Zeruan pesta aundi bat izan zuten.

 

aurrekoa hurrengoa