www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

46
ORAN'ETIK ZUMAYA'RA

 

        Mediterraneo itxasoan, pirata edo itxaslapurrak nagusi ziranean, Zumaya'ko itxasgizon bi barruan zituan ontzi bat arrapatu zuten. Ez dakit itxasontzia nungoa zan, ez nola izena zuan, zumayar bi bertan zebiltzala baizik.

        Itxaslapurrak egiñ oi zuten bezela, ontzia ta kargamentua saldu, eta gizonak esklabotzat saltzeko Oran'era eraman zituzten. Oran, Afrika'ko Ipar aldean dagoan erri bat da, eta itxaslapurrak an egiten zuten gizonen azoka, Euskalerrian beyen eta idien peria Tolosa'n, Azpeitia'n, Gernika'n, Mungia'n eta abar egiten dan bezela.

        Zumayar biak mahomatar aberats batek erosi zituan eta eraman zituan bere etxera; eguzkitik eguzkira Afrika'ko beroaren azpian lana eragiteko; gaizki jan, erdi billoxik, arrika ta makilka erabiltzeko.

        Negargarrizko biziera zeramaten gizon biak, baña egunero, Arritokieta'ko Ama'ri euren otoitzak zuzentzen zizkieten, umetan, amaren magal gozoan ikasitako itz bigunaki.

 

                «Arritokieta'ko

                Birjiña ederra

                Agur, Ama maite

                Itxasoko izarra».

 

        Zumaya'n jayoak, Arritokietako Ama biotzez dute maite eta beren larri ta naigabetan Beragana zuzendu oi dira, dakitelako berak lagunduko dietela. Berdiñ gure gertaerako zumayar biak ere.

        Illuntze batean, lanean ler egin-da zeudelarik, kanpaitxo bat entzun zuten biak eta batek esan zion besteari: —Zumaya'tik gauden beziñ urruti ez ba'geunde, kanpai orixe Andre Mari'ko kanpaitxoa dala esango nikek.

        Eta besteak erantzun zion: —Bai mutil; emen inguruetan ez dek beñepen, ez elizik, ez kanpairik; eta angotxia dek.

        Gautu zanean lotaratu ziran. Lur gorriaren gañean egiten zuten lo, eta txorgatilletik burnizko kate batekiñ ormari lotuta.

        Kanpaitxoa entzun zutenetik, erriko ta etxeko oroipena biziagoa zuten, Andre Mariarena ere bai; eta, etzan baño len, belaunikaturik, otoitz au egiñ zioten: «Arritokieta'ko Ama maitea, errukitu zaitez gu biokin eta eraman gaitzatzu geure errira».

        Luak artu zituan Afrika'ko erri batean, eta Zumaya'ko Ardantza izena duan lekuan dagoan ondartza txiki batean esnatu ziran. Agorraren 8'garrena zan; Arritokieta'ko Ama'ren eguna.

 

aurrekoa hurrengoa