www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

9
EGUTEGI EDO KALENDARIORIK EZ ZEUKAN APAIZA

 

        Mendeja'ko Erretore jaunak ez zuan egutegirik. Ez eta bear izanik ere noski, nere irakurleak ikusiko duten bezela

        Garizuma Santua asi zanean, ganbaran ipiñi zituan 50 patata erreskadan. Lelengoa zan kinkuagesima igandea, eta 5o garrena Pazko igandea. Abek biak patata aundiak ziran. Gero ipiñi zituan seitik-seira beste patata txiki batzuek eta orra Garizumako kalendarioa egiña. Egunero, patata bat kendu bear zuan neskameak, eta onela zekian apaiz jaunak zeiñ egunetan zeuden. Eta oso ondo zeraman garizumako barauen kontua.

        Baña egun batean, neskamea oso larritua jatxi zan ganbaratik. —Ai, ene don Benardiño, txakurra edo ibilli da nonbait ganbaran, eta patata danak nastuta daude. Orma kontra zegoan pillotik erdira ekarrita daude asko eta eziñ leike igerri ez zer egun dan eta ez ezer.

        Don Benardiño ez zan ordea batere estutu eta erantzun zion: —Emakumea, igerriko degu nola bait, eta artu ezazu arnasa lasayago, gu ildakoan ere astoak errotara juango dira ta.

        Egun batzuek igaro ziranean Erretore jaunak esan zion sakristauari: —I, Premiñ, Lekeitiora juan bear dek eta ia an zer egun dan berri ekarri bear dirak.

        Sakristaua Lekeitio'tik etorri zanean esan zion Erretoreari: —Jauna, Lekeitio'n gaur Bariku Santu eguna da.

        —Lekeitio'n Bariku Santu? Baita Mendeja'n Pazko eguna, beti ezigo gaituk ibilli lekeitiarren atzetik. Aurretik ere noiz edo noiz ibilli bear diagu. Juan torrera, Premiñ, eta jo kanpayak, jo-alian.

 

aurrekoa hurrengoa