 |
47 ETORRI DA PATATIA
Nik ezagutu nuan len, iñoiz aitatu detan Ea izena duan Bizkai'ko erri polit batean, Atxabal abizena zuan gizon bat. Aundia zan, zerbait gizena ere bai, irurogei urte ingurukoa, bigote aundiakin. Erriko aguazilla zan. Eta ez nola naikoa, lau izketa parra parra egiten zekiena; euskeraz, erderaz, prantzezez eta ingelesez. Urte askotan bere gazte denboran Liverpool'en eta Amberes'en egondua zan eta gero New York'en, erderaz interprete esaten zayon lanean. Oso gizon zelebria zan, illari ere parre eragitekoa; eta emen ipiñi nai ditut, Ea'n berak esaten zituan pregoi edo bando batzuek.
Danborra jotzen asten zanean, andra guztiak leyora erteten ziran eta pregoia bukatzen zuanean, danak parrez lertzen gelditu oi ziran. Izan oi zuten zegaitia. Ara pregoi bat:
«Amarretako kotxian etorri da Bilbo'tik Broquier jauna, erretratistia. Kalifornia'n, Manila'n, Cuba'n, Veracruz'en eta beste lekuetan ; gixonak daukozuezan andriok, jun erretratetan. Plasa'ko fondan dago. Motzak edertu, zarrak gaztetu, ta danok politto atarako zaittuez. Eta merke ganera».
Ara beste bat:
«Atzo Lekeitio'ko bidean pasietan jun zan andra bati urre gorrizko domiñea galdu jakon. Iñork topau ba'dau, datorrela neugana ta neuk esango dotzat norena dan. Erri ontan ez dago urregorrizko domiña, erleju edo pultzera bako andrarik, eta penia ixango litzake, (ta andija ganera) andra bat aiñ barik lotzia».
Beste bat:
«Etorri da patatia, Bitorijakua.
Baña, zelakua?
Amaika ta erdijetan sost
Eta amabijetan plost.»
|
 |