www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

80
KASTREXANA'KO ZUBIA

 

        Bilbao'ko auzotegi bat da Kastrexana. Burgos'ko lurrean sortutako ibai bat igarotzen da auzotegi onetatik, Cadagua izena duana, eta bere gañean zubi aundi bat dago, arko bakarduna, dana arriz egiña, zatitxo txiki bat izan ezik. Zatitxo au ladrilluekin egiña dago. (Gaur bertan ere onelaxe dago zubi au; neuk askotan ikusia det).

        Ara, zatitxo onen zegaitia, aspaldiko ipuiñak esaten duten bezela. Kastrexana'n ibai ederra zuten, baña beste aldera igarotzeko zubirik ez, eta zubia egiteko dirurik ere ez. Eta erriko jauntxoak Lejona'ko lamiakin tratua egin zuten. (Lejona'ko errian, Lamiako izena duan lekuan lami asko zan denbora artan). Eta lamiak itza eman zuten, urrengo ostiral illuntzean asi ta gaberdirako amaituko zutela zubi eder bat. Ordez, zubia bukatuta, Kastrexana'n jaiotzen zan lenengo aurraren anima berentzat izatea.

        Esanda bezela, urrengo ostiralean Avemaritakoa ixildu zanakin batera azi ziran lamiak lanean, ariñ baña, berak bakarrik lana egiñ al duten eran.

        Sodupe'ko abade jaunak ordea kanpantorreko erlojua ordu laurden bat aurreratu zuan. Eta gabeko amabiak Sodupe'ko eleizan jo zutenean, lamiak arri bat bakarra palta zuten zubia bukatzeko, ta azkeneko arri bakarra ibaira bota eta irrintzi luze, triste bat eginda danak bizirik al zuten azkarren, iges egin zuten.

        Urrengo egunean, Kastrexana'tarrak arri bakar ura eziñ igitu izan zuten errekan. Eta orduan ladrilluakin itxi zuten palta zan arri aren zuloa; eta kito.

        Lamiñak ibaira bota zuten arria gaur ere an omen dago uren azpian, baña nik ez det ikusi.

 

aurrekoa hurrengoa