www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Itz barriak

 

        Igaroko berrogei urte oneetan, itz barriak dirala ta ez dirala, auzia, eztabaidea, usubilloa ta zaratea darabille euskaltzaleak.

        Batzuk ezetatik be ez dabe itz barririk entzun ez ikusi gura. Bat bera entzun edo ikusiak min emoten dautse. Eurok esan daroe itz barrien asmatzailleak eta itz barrizaleak euskerea galtzen, ondatzen diñarduela.

        Au zegaitik diñoe? Ara, euskaltzale orreek gura leukie euskereari ez ukuturik egitea, guk geure gurasoekandik artu dogun legetxe iztea, ezer kendu ez ezarri barik, dagoala dagoan legez. Eurontzat euskerea, gurasoen kutxa zar edo etxe bat lakoa da. Ez dabe barriztatzerik gura, ez dabe geitzerik gura, ez dautsoe euskereari gauza bizitzat begitu gura, gure eskuetara eldu dan euskerea oso-osoa bilduta balego liburu ta ingietan, ez leuskioe bape ardurarik izango orrei bertan bapatera euskerea galtzeagaitik.

        Museo batera eroateko dan kutxa edo beste errediza zar, zerenak jandako ta aldiak marguldurikoa, bere burdiñazko atalak ugertuta dauzan errediza zar bat, iñok barriztu gura baleu, ta dotore ipiñi, bertan gauzak eukiteko, museora barik etxe-errediza legez erabilteko, anbiolizti-zaleak asarre bizian sartuko litzakez, euren deadar ta garrasiak Gorbeia txuntxurreraiño be elduko litzakezala.

        Olantxe, ba, itz barrien arerioak diran euskaltzaleak be, eurentzako errediza zar bat dan euskerea barriztu, geitu ta edertu gura dabenai, beste edozein errik bere elez esan eta adierazo leiken guztia euskalerriak be euskeraz esan eta adierazo al dagiala gura dabenai, gorrotoa izaten dautsie.

        Itz barrizaleak, ostera, diñoe euskerea ez dala museora sartzeko kutxa zar bat, gauza bizia baiño, euskalerriaren elea dala; baiña orain arte landu barik egon dala, euskaldunak bape arduratu ez diralako orretan, eta garbitu, geitu ta ornidu bearra dauala. Eta onetan diñardue gogor aspaldiko berrogetaz urteetan, itz barrien arerioei jibitea emonik.

        Ezin ukatu lei gaurko euskereak itz zakar asko dituala atzo erderatik sarturikoak, eta ondo dala eurok polito-polito ataratea, ta euskerea garbitutea. Baita gaur euskeraz dana adierazo al izateko, itz barri askoren bearra dagoala. Adibidez, «Daneurtizti» edo Geometria euskeraz adierazteko, Mibisus azkarrak iñun diran itz barriak euskerearen sustar-sustarretik atara bearra izan dau.

        Itz barri asko, erabilliaren erabilliagaz, onezkero errian sartu dira; ta itz barrizaleak diran euskaldun alderdiaren arerio amurratuak eurak be bai darabillez, erriagandik ikasita. Ondiño oraintsu, itz barrizale alderdiaren arerio andi batek bere itzaldian onelako esakerak erabilzan: «Erri onetako sendi edo fameliak», «kristiñauen sendi edo famelietan»...

        Neure kolkorako esan be egin neban: «Ez dakik asko, gixajo orrek, nundik norakoa dan itz ori, nok asmaua dan, bestelan etxoat uste erabilliko eukeanik».

        Itz barriak, ba, bear-bearrak dira, ondo datozanak dira; eta eurok ondo asmatzea euskera aldezko lana da.

        Orraitiño, onetantxe be neurria bear da, beste gauza guztietan legetxe. Euskerazko esakun polit bat auxe da:

 

 

LARRIK EZ ONIK

 

        Oldozpen au gogora ekarri dauste aspalditxu onetan irakurri dodazan itz barri bik: gizarra ta gizemea.

        Euskeraz adierazoko dautsuet itz biok esan gura dabena, erderazko itzetara jo barik, ara; gizarra gizonezkoa da, gizemea andrazkoa da.

        Itz barri bi orreen bearrizanik izan da? Ezetz esan lei, lengo itz bi euskal sustardunakaz adierazten diran ezkero.

        Guk, bizkaitarrok, gizonezkoa ta andrazkoa esan daroaguz; gipuzkoarrak gizakume ta emakume. Bigarren au, emakume, Bizkaian be erabilten da.

        Bearrizan bakoak izan arren, tira, ori baiño ez balira, okerrik ez legoke, sarri jazoten dan lez gure euskera onetan gauza batek izen asko eukitea baiño besterik ez litzake izango; baiña itz orreek uts andi bat dauke: motzak, itsusiak, ezaiñak, zantarrak izatea euskalerrian.

        Euskaldunak ez dabez arra ta emea itzak notiñentzat erabilten, abereentzat bakarrik baiño. Eurrez esaten dira: katarra ta kataemea, astarra ta astaemea, ta onakoak, iñok itz zantzartzat artu barik; notiñentzat, ostera «giza-arra» ta «giza-emea» ezin esan leiz aziera onari uts egin barik.

        Erantzungo dauste, bearbada, notiñak be arrak eta emeak izatea egia baiño besterik ez dala, itzok zantartzat artzea oitura bat dala, eta egia lenago dala oiturea baiño.

        Eta nik berrerantzuten dautset ezetz. Geltokietan, antzokietan, kaleetan, norbere bearrizanak egiteko lekuetan ateburuan idazkun auxe: «Caballeros», edo beste auxe: «Señoras» ipinten daben ordez, «Machos», «Hembras» ipiñiko balebez, zer jakozo litzake? Egundoko ariñen kendu eragingo leukiez idazkunok!

        Urkiolako eleizan ain polito dagozan euskerazko idazkunak, ezker aldeko aulkietan «Gizonak», eskuma aldekoetan «Andrak», uste dozue ordeztu leikezala «gizarrak» eta «gizemeak» itzakaz, notiñai iguin emon barik?

        Ez, ezin leikez esan, gaur beintzat, arra ta emea notiñentzat aziera onari uts egin barik.

        Euskaldunik ez dago esango dauanik: «Gurean sei ume dira, lau arrak eta bi emeak». Eta batenbat balego, ao batez danak deituko leuskioe baldar, asto, azierabakoa.

 

* * *

 

        Ganera, «gizarra» lendiko itza da. Antziña gaur baiño geiago

erabilten zan; baiña ondiño gaur be entzuten da.

        Gizarra-k esan gura dau gizon txiki, argal, erkiña.

        «Bera ain gizarra dala, ainbeste gizon sendo ta errime darabilz bere agindupean».

1928-XI-10

 

aurrekoa hurrengoa