www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Erregenak

 

        Atzoko egunez oin urtebete, illuntze aldera, Mallape etxean barriketa gozoan aurkitzen ziran bertoko senar-emazte ta euren alabatxo Miren ta Sorne, ta euren semetxo Kepander.

        Jakiña, izketagaia zan gau aretan Erregeek zeintzuk emoi ekarriko ete eutsiezan iru neba-arrebatxuei. Batak au, ta besteak ori, gauza asko aitatuten eben, gauza asko gura, baiña bat baiño ezin eskatu, ta ezin ziran lotu gauza baten.

        Aitamak barre andiak egiten ebezan txikien barriketa zoliakaz.

        Alako baten aitak itandu eutsen:

        —Ene txikitxuok, eta Erregeei zelan eskatuko dautsezue, zelan idatzita itziko dautsezue ingia, euskeraz ala erderaz?

        Neskato biek esan eben erderaz idatziko ebela, ba Erregeak izan eskero euskeraz ezin leioela egin, ia euskeraz erregeak... ene!...

        Mutikoak, gogor-gogor esan eban euskeraz ipiñiko eutsela bere eskakizuna, bera euskalduna zalako.

        —Aitxe, erregeek euskeraz ez dakie ala?

        —Jakingo etxuek ba?

        Biaramonean, oin urtebete, goizean leioak zabaldu ebezanean, barre algarak eta negarrak batera izan ziran etxe aretan.

        Mutikoak, berak ingia itzi eban lekuan aurkitu eban iru txirringadun tramankulua, ganean ibiltekoa, ta ganera ostiko-pelota andi eder bat eta ganera zorrotxu bete galleta, eta azpi-azpian ingi bat, onantxe: «Etxe onetako mutiko euskaldunarentzat; olantxe ederto, bakotxak bere elez eskatu. Agur mutiltxu, urrengo urtera arte».

        Neskatoak... ezebez! Areek egin ebezan negarrak! Aitak esan eutsen:

        —Orixe daukozue ba, erderaz ipiñi dautsezuez ingitxuak eskakizunaz, ta Erregeek aintzat artu bez.

        —Baiña ori zelan? Erderaz ez dakie ala?

        —Ara, Erregeak erri batetik bestera igaroten diranean, euren elea aldatu egiten jake, lengoa aztu ta barria jakin bakarrik, eurak dabiltzan erriko elea bakarrik jakiten dabe. Burgostik datozanean espaiñeraz bakarrik dakie; an euskaldun mutiltxu edo neskatxu batek euskeraz ingia ipiñiko baleutse, ez leuskioe jaramonik egingo. Baiña eltzen dira Bizkaiko euskal errira, ta bereala bapatera aztuten jake ezpaiñerea, ta euskeraz bakarrik dakie; ta orregaitik, erderazko ingiak areentzat ez dira ezebe... ipiñiko ez balira lez, bardin-bardin.

        —Ai, ori jakin bagendu, iñoen negarrez neskatxuak, euskeraz ipiñiko geuntsen geuk be Kepanderrek lez... Ai!...

        —Tira, etzaiteze estutu, esan eutsen aitak, neuk erosiko dautsuedaz olgetaki polit batzuk, eta urrengo urtean ez aztu.

 

* * *

 

        Etxake aztu, ez. Bart, iru neba-arrebak guztizko zintzo idatzi ebezan euskeraz euren eskakizunak; eta neskatxuek, bildurrarren, aitari ta amari erakusten eutsiezan ingiak, ia ondo ete egozan.

        Mirentxuk eskatu dau dantzan egiten dauan andrakilla bat dotore jantzita.

        Sornetxuk josteko otzara bat bere artazi ta aril ta titara ta erraztontzi ta enparau guztiakaz.

        Kepanderrek... «autokamion» bat, baiña berez ibilten danetarikoa, ez sokeaz lotuta tarraz eroan bear izaten dana.

 

* * *

 

        Bart amarrak jo orduko, an eukezan euren emoiok, Erregeak... oera goizetik joan gura ta, arin ibilli ziralako.

1922-I-6

 

aurrekoa hurrengoa