www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Savona (Italia)

 

        Ba dakizue zer esan deustien gaur euskaldun batzuk? Ara eurak esan deustena erderaz: El vascuence es un idioma sin literatura, sin poesía y sin historia (1).

        Ganera esan deustie ganorearen (2) piskatxu bat ez daukela gure izparringi orretan idatzi oi doguzan idazkiak, danak dirala errietako izparrak eta bape literatura (3) barik egiñak. Orra ba, esate baterako Beketzeko Petornilla ezkondu dala Prantzisko Zamaluze-gaz, eta gauberako aparitarako esne sopa bakarrik euki dabela, ta au jan ondoren koltzara joan ta artaburuak zuritzen ekin dautsela, ta olakoak izpar ben-benak ipiñi bearrean ipiñiko bageunkez, gure izparringi orregaitik txakurrenak esango leukiez orreek morroiok, eta barriz izpar ori erderaz idatzita ipinten badau Madrilleko Heraldo edo besteren batek, orduan ederki, ezta?

        Neure biotzeko adiskideak zarien Arriandiaga-tar Imanol, Elaire-tar Koldobika, eta beste enpaiduok ez naizue itxi oingoan umezurtz eta ipiñizuez gure izparringi orretan zelan diran gauza oneek: ¿Qué leyes tiene el euskera para la poesía? ¿Qué reglas de acentuación se usan en euskera? Si es un idioma que posee poesía, tendrá sus leyes para hacerla, diñoste nire etsaiok.

        Esan dautset ba gure Enbeitak ba dakiala poesiak egiten eta sarritan izan dala txalokatua, baiña oneri erantzun dauste: Nok txalokatzen dau Enbeita? Bakarrik baserritar ezjakin literatura zer dan ez dakienak (4), beren bertsoak ez diralako poesías, saetas ta couplets baiño. Orra ba, ene anaiak, ez naizue itxi umezurtz oingoan eta idatzi egizue zelan erantzun onei (5).

        Orrez ganera nai neuke jakin Larraskitu abizenaren jatorria edo nundik datorren.

BATXI

 

        (1) ¿Y qué? erantzungo neuskioe nik Salomon merke orrei; itzertirik, olertirik, ez edestirik euki ez arren ez da ardura, geure-geurea da ele au, ta maite dogu, ta ba darabilgu, ta berau lantzen diñardugu, ta iñoz izango dauz itzerti, olerti ta edestia. Euskaldun erdaltzale orreen gogoko elea be, aldi baten, literatura ta poesía ta historia barik egoan, eta ori gorabera, españiarrak maite eben, euskalduntxu orreek baiño abertzaletasun ta gizontasun geiago eukela erakutsirik, eta maite ebelako, erabilli, landu, aberastu ta indartu eben.

        Eta españiarrak euren eleaz egin ebena berbera egin eben frantzitarrak, italiarrak, doistarrak, eta abar eta abar, bakotxak bere eleaz, abertzaleak eta gizonak ziralako. Batxiri salomonkada ori jaurti dautsoen euskalduntxu orreek lakoak izan balitzaz alde guztietan, ez litzake gaur ezagutuko ludian literatura ta poesía ta historiaren izpirik be; oingo, itz egitea bera be aztu izan izango jaken gizonei, arrantzaren bat edo beste alkarri jaurtitea naikoa izango litzakean, lurrean bira-biraka batzuk ankaz gora egin ondoren.

        (2) Ganorea aitatu baiño len ondo izaten da zer dan jakitea. Orreek uste dabe, Zamoran lez itz egin ezkero beti dagoala ganorea; barriz, Munitibarren lez izan ezkero, ganorarik ezin egon leikela. Eta eurok, Munitibartik urrekoak eta Munitibartarren abendakideak dira; beraz, euron ganorea be ez da agiri. Zerurantz arria jaurtizu, ta urrean buruan joko zaitu.

        (3) Guk, euskal idazle guztiok, esaten doguna ez da izaten jakintsuentzako, geu be ez gara jakintsuak eta, Jaunari eskerrak. Batxigaz itz egin daben Salomon orreek bear daben literaturea guk ezin daikegu emon; orretarako or dagoz El Tío Conejo, Los Sucesos, Sol y Sombra, El Tío Jindama, La Hoja de Parra, ta beste asko; orixe dabe jakintsu oreek euren literatura-egarri itogarria. Literaturea zer dan ete dakigu gero, gizontxu maiteak?

        (4) Tío Conejo-tarrak ezin leie igarri nor dan ez noraiño eltzen dan geure Enbeita.

        (5) Batxi, astia alperrik galduko dozu orretarikoakaz benetan bazabiltz; oreek ez dabe gogorik euskeraz irakurteko, ta atxakia beti gertu dauke; orain diñoe gure gauzak ez dirala benak; gero, benak ipiñiko bagenduz, iñoz gure izparringian agertu diran lakoak (adibidez, Zinkunegi osalari bikaiñak beiñola bidaltzen euskuzanak), esango leukie beste gauza bat. Gogorik ez daukonari ezin aserik emon leio. Orretarikoak izaten dira arro-eretxi gogaikarriak, eta ez dago gauza oberik, eurai gogait eragitea baiño. Eurak gure elearen kaltez ezer esaten dabela? Geiago esan eurak maite daben elearen kaltez. Norbera ez asarratu bein be, ta eurak asarratuta aidean erabilli. Euren atakeari kontratakea egin. (Orain guda-aldian au esan leike.)

Kirikiño

1915-VIII-7

 

aurrekoa hurrengoa