www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Dregueral-en lagunak

 

        Dregueral-ek gure euskerearen aurka egin dau. Esan genduan ori ez dala asko arritzeko, motz uts-utsa dalako. Baiña txarrena da euskerea zapaltzeko lagun asko daukola emen.

        Nortzuk dira lagunok? Piperpote ta belarrimotz geienak. Eurrez dagoz Dregueral-en lagunak emen.

        Baiña ondiño beste lagun obeak daukoz Dregueral-ek emen gure aberri onetan euskerea zapal-zapal izteko.

        Nortzuk diran orreek?... Ikaratu zaiteze!... eta ez naizue jo.

        Lagun orreek... esango ete dot, ez ete dot esango?... Jaungoikoak gura dauana izan daitela! ta or naioak uretara... danba!

        Dregueral-en lagunik onenak euskerea zapaltzeko, «jeltzaleak» dira!

        Ara, irakurle, ikusten dozuzanean euskaldun bi edo iru edo geiago, jeltzaleak izanik euren artean erderaz itz egiten (eta ori eurrez ikusi zeinke), esaizu: Orreexek dozak Dregueral-en lagunak euskerea ilten.

        Ikusten dozuzanean jeltzaleak asarreka euskerazko itz edo berbaren bat ulertu ez dabelako, esaizu arek ez daukola bape zaletasunik bere ele alde, ta laster itxiko dauala euskerea, ta Dregueral-en laguna izango dala.

        Ikusten dozuzanean jeltzaleak euskerazko gauzarik irakurri gura ezta, gatxa egiten jakela ta onetariko atxakia darioela, esaizu Dregueral-en lagunak dirala.

        Ikusten dozuzanean euskal irakastolak erdi-utsik, nun ikasi euki ta ikasi gura ez erakusten daben ainbat eta ainbat gazte jeltzale ikusten dozuzanean, esaizu Dregueral-en lagunak dirala.

        Geuk abertzale guztiok euskerea benetan maite bagendu, naiz Dregueral naiz bere aldeko piperpote guztiak gorabera, euskereak ez leuke bape galduko lekurik, bai zera!, irabazi egingo leuke. Eurek euskerea il gurea erakusten daben ezkero, guk erakutsiko geunke euskerea biztu gurea; ta edo geu danok il bearko gindukiez, edo ezin izango leukie il euskerarik, ezta makaldu be, arazo au ba geure «gurarian», geure guramenean dago.

        Orretan dago guztia, geuk gura edo geuk gura ez.

        Geuk gura izan ezkero, ez dago Dregueral-ik euskera ilgo dauanik.

1921-IV-22

 

aurrekoa hurrengoa