www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urte bi!

 

        Gaur, Otsaillaren lenengo egun onetan, betetzen dira urte oso bi, euskotarren izparringi egunoroko bakar au argitara urten zanetik.

        Ez da bakarrik euskotarrena berau, euskotar euskaldunena be ba da. Euskereak ez eukan lenago izparringi egunorokorik, etxakon lekurik emoten iñun; bai ba, beste guztiak, bat kendu barik gero! ez dira euskotarrak eta. Orregaitik, geure izparringi au da bakarrik euskerazko idatzia dakarrena; besteak, Euzkadi agertu arte lez, erdaldun eta erderatzale utsak izanik darraie.

        Euskaldunak, auxe bakar-bakarrik dozue zeuen izparringia; besterik ez dozue.

        Urte bi oneetan, bide andia eragin jako geure ele maite oni. Gomutau baiño ez da zenbat eta zenbatek bidaltzen dauskuezan euskal idazkiak Euskalerriko alde guztietatik, baita erdal errietatik be. Igazko udan Batxik dei egin ebanean, emengo euskal idazleak bildu geintezan alkarregaz bazkari bat egiñaz alkar ezagutzeko, eun baiño geiago zenbatu ebazan; eta ordutik ona asko geitu da idazle kopuru ori, oker andi-andi barik esan daikegula euskal idazle ok berreun inguru gaur ba dirala.

        Idazle geien-geien oneek, izparringi auxe argitaldu arte ez eben itzik idatzi euskeraz urrean, bururatu be etxaken olakorik.

        Jakiña da idazle askok irakurle asko dakarrela, eta olantxe, gure euskal irakurleak uste dan baiño geiago dira. Ba dakigu eurrez irakurten dirala Egunekua ta Euzko-Abendaren Elez deritxoen gure izparringiko zati biak. Irakurle oneetzaz diñogu idazleetzaz esan doguna: izparringi oni eskerrak egin dira euskerearen irakurle. Eurotarik askoren barri ba dakigu, ta diñoe lenengo aldietan egunean puska bat eta nekez irakurten ebela, ta gaur, barriz, erderea baizen erraz; len ez ekiezan itz eta esakera asko ikasi dabezala, geroago ta pozago irakurten dabela euskerea, ta obeto ezaguturik maiteago dabela len baiño.

        Geitu dira ba, zorionez, euskal irakurle ta idazleak; lengo aldean euskaltzale geiago dago; euskerea, euskotarren ele jausi au, ba doa gorantz.

        Gaur, atzerantz begituta igarten dogu zenbat bide egin dogun, eta poztu gaitezan, oso poztu, zeri ba dago ta; baiña bereala bizkarra ipiñi daiogun igaro dan aldiari ta jarri gaitezan aurrerantz begira, ta ekin lanean gogor iñoz gelditu barik, gorantz ta gorantz beti.

        Gaur arte lez goiazan, eta aldi bardiñean geroago ta andiago egingo da euskaldun euskaltzale taldea, edur moltzoa ibilliaren ibilliaz geroago ta andiago egiten dan lez; emendik urte batzuetara, orain diran euskaltzaleak eun bidar geiago izan daitezanean, lengo baten giñoan lez, ipuintxo bat esango dautsogu emen ugazaba gogorra izan dogun eta ondiño be ba dogun erdera ziztirrintxo orri.

        Izparringi auxe da gure sutabo edo kañoi lodia; berau zaindu ta euki daigun beti gertu ta ondo, beronegaz bunbada garratzak jaurtiteko gure arerioa dan erdereari.

        Egunero irakurri euskerazkoa. Auxe egiñaz bakarrik, uste dan baiño geiago egiten da euskerearen alde. Orra bunbada bat.

        Euskeraz irakurri dan ori aitatu ta aotan erabilli lagun artean, erarik bada. Orra beste bunbada bat.

        Erriko izparrak labur ta polito idatzi ta bidaldu beti be. Orra beste bat.

        Norberak irakurri ta gero, ingiaren bearrik izan ezik, bestelabaitakoan norbaiti emon irakurteko, bakotxean banari, ia ikusiaz zaletzen diran, eta zaletuko balira, orduan, iñoz bai, baiña gitxiagotan emon, egarri geiago izan daien. Orra bunbada garratza.

        Onantxe, batzuetan azeri-azerika ta beste batzuetan leoi-leoika, ekin bear dogu geure Aberri alde.

        Irugarren urtean sartzen gara, Jaunak lagun egingo al dausku orain arte lez.

 

* * *

 

        Euzkadi urten zanean, ez, urten baiño lenago, Carabias deritxon anditiko profeta batek esan eban ille bigarrengo ilgo zala, zer idatzi izango ez gendualako. Esakerea da iñor ez dala izaten profeta bere errian; baiña Carabias iñorenean bez.

        Erreketeru ta beste gure arerioak be iragarri eben orixe, illabete bi, goitik jota, iraungo ebala Euzkadi-k. Gero, irugarren illabetean sartuta, aurrera giñoiazanean, esaten eben urtearen azkenean ilgo zala, ta... bai zera!

        Bigarren urte onetan be beti ibilli dira txakur-amesak egiten, egun batetik bestera Euzkadi ilgo zala ta. Txakur gosetuak ogiaz ames!

        Emen gaukoez ba irugarren urtean sartuta, txairo gero! Gu, aurrera goaz.

Obeto egingo leukie erreketeru ta enparauok geugana jo, barriketak itxita, anaia guztiok batera ibilli gaitezan Euskalerriko gauza guztien alde.

        Erdue, gizonak!

1915-II-1

 

aurrekoa hurrengoa