www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Aurrerantz euskerea

 

        Araiñegun, Donostin, «Novedades» deitzen dan aretoan itzaldi bat egin dau Urreta-tar Mikel gipuzkoar diputadu jaunak, euskeraz.

        Itzaldi onen gaia izan da: «Edesti-aurrea. Leize-zuloak».

        Oste andia bildu zan itzaldia entzutera, ta adi-adi egon jakozan Urreta jaunari, ta amaieran jo eutsoezan txaloakaz erakutsi eben euren poz-atsegiña.

        Urreta jaunaren itzaldi au orkada edo pausu bat da, gure euskera onek aurrerantz egin dauana.

        Lenago, orain ogetabost-ogetamar urte, euskeraz gauza gitxi idazten zan eta gitxiago irakurri, ta idazten zana be ekar edo sentzillotxua. Orduantxe asi zan euskerea azalera urten nairik.

        Ori ikusirik, Unamunok eta bera lako filosofo ustel ganorabako batzuk esaten euskuen: «Euskerea ez da gauza, baserritar eta arrantzale eskolabakoak darabillezan oldozkun apurtxuak azaltzeko baiño, ta ortik gora geien-geien izneurtu negartiren batzuk eta ipuin me batzuk idazteko baiño ez; oldozkun jakintsutarrak, oldozkun gogotarrak, ezin leiz azaldu euskereaz, lagaizue!»

        Unamunok eta beste filosofo ustelok esan bear ebena zan: «Geuk ezin dogu euskeraz oldozkun asko azaldu, euskerea erabilten ez dakigulako». Orixe izango zan gizon zindo ta burudunen esakuna.

        Eta guk, filosofoak ez garanok, erantzuten geuntsen: «Geuk be ezin doguz oldozkun orreek euskeraz azaldu, baiña ori ez da euskerearen errua, geure errua da, geuk ez dakigulako naikoa orretarako; au gorabera, guk ez dogu lagako geure-geurea dan abenda ele au, ta landu egingo dogu sendo, ta iñoz, azaldu al izango dira euskeraz beste edozein eletan azaldu leikezan oldozkun guztiak, eskier gagoz».

        Eta abertzaletasunak, beragaz batera zabaldu eban euskaltzaletasuna, ta euskerea agertu zan batzarretan, antzokietan, izparringietan, erri-etxeetan, burdin-bideetan, eta abar.

        Len azaltzen ez ebazan oldozkun asko ta asko azaltzen dauz aspaldion euskereak, asko landu da, askok idazten dau gaur ta askok irakurten dau.

        Ba doa gorantz bere bidean. Ondiño, bai ba, bide asko dauko ibilteko; baiña ibilliko dauz.

        Bide orretan orkada edo pausu bat egin dau ointxe Urreta jaunaren itzaldiaz. Ointxe lenengoz euskeraz azaldu dira Lutazalizti (Geología) eta Leintzakizti (Paleontología) jakintzetako gaiak, eta ez gela zulo baten, bost edo sei jakintsurentzat, ez, erri-gela edo areto aundi baten, berau notiñez beterik dagoala, ta notiñok atsegiñez entzun dabezala jakingai orreek.

        Orain ogetabost urte au egingo zala esan baleuskue, zelako barre-destaiñak egingo ebezan Unamunok eta bere sokakoak! Geuk be nekez siñestuko genduan.

        Beste ogetabost urtean, noraiño igongo da gure euskerea? Eta beste berrogeta amar urtean?

        Ordurako, Unamunoren buruak arrapau al izan dauzan oldozkuntxu guztiak txirikilan azalduko dauz euskereak, baita euron erderatxu orretan esan leikezan oldozkun guztiak be.

        Filosofo usteloi jaramon barik, ekin, gizonak, euskerea lantzen bakotxak al dauan aldetik, eta batez be erabilli. Onetantxe dago bidea, erabiltean. Eleakaz jazoten da, geiago erabilliaz sendoago ta erosoagoak egiten dira.

        Lan onuratsu onetan gogor diñarduelako artu beie geure zorion agurra «Euskal Esnalea»k eta Urreta-tar Mikel jaunak.

1918-IV-9

 

aurrekoa hurrengoa