www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Oñatiko mutikoei

 

        Aloñapeko mutil zindo euskotar utsak zarienok, euskeraz itz egiten dozue danok ederto, zeuen etxeetan gurasoei entzun ta ikasita.

        Zuen zanetan euskotar odol garbia daukozue, ta zuen gogoak eta ezpanak euskotarren ele edo izkera garbi ederra darabille.

        Euzkadi, Euskalerria da zuen Aberria; euskerea da zuen Aberriko izkerea; zuek dakizue ta darabilzue zeuen Aberriko izkerea, españiarrak berea, frantzitarrak berea, txiñatarrak berea dakien eta darabillen lez.

        Españiarrai, frantzitarrai, txiñatarrai iñok ez dautse asarrerik egiten euren elez edo izkeraz ekin arren; iñok ez dautse zigorrik (kastigorik) emoten orregaitik. Ez ba!

        Zuek be Jaungoikoarenak zarie; españiarrak, frantzitarrak eta txiñatarrak aiña eskubide dozue zeuek be; zuei be iñok ez dautsue asarrerik egin bear ez zigorrik emon bear euskeraz itz egiteagaitik.

        Asarre egin edo zigorra emon zuei euskaldunak zarielako, okerreri andia da, zuzentasuna (justizia) azpi-azpitik austea da.

        Auxe entzun egizue ondo, mutiko euskaldunok: iñok ezin egin leizue ori, zuzentasuna jo ta ausi barik.

        Zuen arteko bategandik jakin dot orko irakastetxe (colegio) batera zabiltzenai asarre egiten dautsuela zeuen artean euskeraz itz egiten dozuelako, zigortau (castigau) be bai orrexegaitik, eta beiñolako erestun edo anillo madankatu lotsagarria ipiñi dautsuela irakastetxe orretako lekaide (praille) frantzitarrak; eta ori dala ta, bildurrez, kaleetan be erdera itz egin bearrean aurkitzen zariela.

        Ba, neuk diñotsuet, erestun edo anillo ori jaurtiteko errekara, emoten dautsuen bakotxean; eta augaitik zigorren bat (castigoren bat) agintzen badautsue, ez daizuela bete; jarki edo plantau zaiteze gogor, gogor gero!

        Galdetu egiezue frantzitar praille orrei ia zer deritxoen alemanak Frantzian sartuta zigorra emongo baleutsie frantzitarrai frantzes itz egiten dabelako, ia zer erantzuten dautsuen orduan.

        Seguru erantzungo dautsue, ori txarto egiña izango litzakela, frantzitarrai frantzes itz egiten laga bear jakela.

        Orixe jagok polito, eurentzako lege bat eta zuentzako beste bat; eurak nasai euren izkera erabilteko, ta zuei galerazo zeuena erabilten. Ez dozue igarten argi-argi zelako okerra dagoan or?

        Jarki edo plantau ba, mutiltxuok; bota errekara anillo ori, ta euskeraz itz egiteagaitiko zigorrik ez artu ezetara be.

        Eta zeuen gurasoak badiñotsue beste gauzarik onetan, esaiozue: «Zeuk erakutsi daustazu ba euskeraz itz egiten, zeure burua zigortau (castigau) egizu lenengo».

 

* * *

 

        Queiporen aginduen aurka jagi diran euskaldunei. Orra nun argitu jakun Queipo pilla bat, benetakoa bailo askozaz kaltegarriagoak gure euskerearentzako. Queipori ekin dautsogu zintzo; ekin dagioegun zintzoago Oñatiko mutil-irakasle orrei.

1916-III-3

 

aurrekoa hurrengoa