www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskeraz jakin bearra dabe

 

        Araiñegun Bizkaiko Diputaziñoak erabagi eban euskerea jakitea etxakela eskatuko, bertan idazkotseiñak (escribiente-ak) izateko agertuko diranei.

        Otsein lekua emonda gero eskatuko jakela euskerea ikastea urte bi barruan, ta ikasi ez badagie, otseintzatik atara ta bialdu egingo dirala.

        Bai zereko bialdu! Etxagok olakorik! Nok bialduko dau ba, urte bi bere zeregiñean ekinda gero? Obe, ori egitekotan, artu ez. Bai ba. Gero euskerea eskatze ori ez da besterik zurikeritxu bat baiño, argi-argi ta biribillean ez esatearren euskerarik ez dala bear Diputaziñoko idazkotseiña izateko.

        Ba, gure aburuz bai, bear-bearra da euskerea, zuzen jokatu ezkero, Diputaziñoko otsein edozetarikoa izateko.

        Zegaitik?

        Euskerea dalako Bizkaiko elea, orrexegaitik. Bizkaitarrak, bere elez, euskeraz, Diputaziñoan edozein arazo atonduteko aala euki bear dau, eskubidea dauko Diputaziñoko edozein otseiñek, andienetik txikieneraiño, aitu ta ulertu dagion. Au ez al dago zuzen?

        Orain, guk igarten dogu, Diputaziñoaren otsein izateko euskerea eskatzeaz asarre jarten dirala bizkaitar erdaldunak, Bilbo inguruko, Enkartaziñoko ta Orduñakoak.

        Orreek esaten dabe, bide ori jarraitu ezkero, Diputaziñoko otsein leku guztiak izango dirala bizkaitar euskaldunetzako, eta eurentzako bapez, ta ia eurak ez ete diran edozein besteko bizkaitarrak.

        «Zuentzako leku guztiak eta guretzako bapez... Ori zuzen al jagok?»

        Gauza zuzen bi alkarregaz ezin txarto etorri leitekez. Bizkaitar erdaldunen «zuzen» au aztertu daigun ondo.

        Diputaziñoko otsein lekuak ez dira sortu emengo edo orko bizkaitarrai, onetariko edo orretariko bizkaitarrai bizibidea emoteko; ez, otsein leku orreek sortu dira bizkaitarrai serbietako; bizkaitar guztion lepotik emoten jakez alogerak otsein guzti orrei, ta eurok gauza izan bear dabe edozein bizkaitarri serbidu al izateko.

        Bizkaian ele edo berbeta bi dagoz: bata bertakoa, bera darabilgunok izanik bizkaitarrik bizkaitarrenak, antxiña-antxiñetatik lur onetan beti bizi izan diranen oiñordekoak; bestea atakoa edo kanpokoa, eurena, bizkaitar endekatuak ona ekarri ebena, baiña tira... alan dala naiz olan dala, onetarikoa dala naiz orretarikoa, ekarri eben, ta emen dago, ta ez dago besterik aintzat artu bearra baiño.

        Ba, Bizkaiaren otseiña izateko ele edo berbeta biok jakitea bear-bearra da.

        Orretara bizkaitar erdaldunak geldituko dirala otsein leku barik... eta, zer egingo dautsogu? Zegaitik ikasi gura ez dabe bertako elea, guk euskaldunok eurena ikasten dogun lez? Otseintzat artuko leukie erderaz tautik be ez dakian euskalduna? Ez, ezta?

        Ba orduan, zer dala ta guk ikasi bear euren elea, ta eurak ez geurea? Ez al gara geu be eurak beste bizkaitar? Orduan, euskaldunak gagoz erdaldunak baiño berago Bizkaian.

        Ori ez dago zuzen. Uste dot argi ipiñi dodala.

        Otsein lekuak ez dira iñok jateko lekuak, erriari aitu ta ulertu ta bere arazoak atonduteko baiño.

 

* * *

 

        Diputaziñoak erabagia artu dau, ta emen esan doguna da: «Urak joan ta presak egin».

        Dana dala, atzetik dala naiz aurretik (aurretik obe baiña), errazoia beti da errazoia.

1918-IX-13

 

aurrekoa hurrengoa