www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Gizonak! Lau katu baiño ez?

 

        Atzo, Donostin, «Artzai Ona» txadonan, goizeko 81/2etan, txonitz edo sermoia egin zan frantzeraz, uri artan bizi diran frantzetarrentzat. Araiñegun argitaldu zan Meza ta sermoi orreen iragarkia gure izparringi onetan. Donostiko frantzetarrak, ederto erantzunik dei oneri baita euren abertzaletasunari be, oste edo pilla andia batu ziran bertan. Bai ba! txonitza frantzeraz ta frantzetarrentzat... siñesteduna dan frantzetarra, itsu-itsuan bertara, Aberriak deitu baleutso lez.

        Emen, Bilbaon, Garizuma onetan asita txonitz edo sermoia daukogu euskeraz Deun Nikola txadonan, goizeko 9etan, eta emengo eleizarik erdiak betetako lain euskaldun baiño geiago garala, atzo ez gintzazan joan txonitz orretara lau katu baiño. Gauzak artez ta garbi esan bear dira: lau katu.

        Goiz-erdiko sermoi ori asi zanean poz-pozik gengozan, gogoraturik nozbait emon jakela euskaldunei uri onetan zor jakena, ta euskereak, iñoiz gogorra ta zailla izan dan abenda ele eder onek aurrerakadatxo bat egin ebalakoan.

        Neuk dakit sermoi euskerazko ori ez dabela begi onakaz ikusten emengo andiki-emakumeren batzuk, eta esaten dabiltzala, ordu orretan barik, goizeko bostetan egin bear litzakela, egitekotan!, baserritik datozan esne saltzailleentzat, eta nik eskier (seguru) daukot kenduko dabela sermoi ori, ta kentzeko artuko daben zio edo motivoa izango da: gitxi joaten garala ta ez dagoala zetan egin iñok entzuten ez dauan sermoirik.

        Eta ezerezean geldituko da guk siñestu genduan euskerearen aurrerakundea Bilbaon. Noren erruz? Euskaldunen euren erruz!

        Eta betiko (onezkero) euskerea eleizatik atara dagienean, sermoi orretara eltzeko nagia ta itzikeria euki dabenak, eurak izango dira aurrenengo zer-esanetan asiko diranak; baiña orduan urtengo gaiakez bidera, neuk beintzat, esateko:

        Euskalduna, iñoren lepoan ez egizu ezarri gure euskera ta gure gauza guztien galkundea; zeu zara galdu dozuna ta galtzen dozuzana danak ezetarako adorerik ez dozulako; bape nekerik eskatzen ez daben gauzak, euskeraz itz egitea, euskeraz irakurtea, euskeraz sermoia entzutea, ta onakoak egiteko ez daukozu irabiorik, eta atzerritarra zeure etxera sartuta zeure jabe egin bada zu baiño bizkorrago, adoretsuago, azartuago ta langilleago dalako izan da; ez, ba, arrantzarik egin.

        Oraingoan azazkau naz. Bear neban.

1915-III-22

 

aurrekoa hurrengoa