www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Bilbaoko euskaldunak

 

        Araiñegun goiz-erdian jagi ta urten nintzan etxetik nire adiskide zar eguzki jaunagaz aldi bat igaroteko; joan nintzan ibai ondotik Olabiagaraiño, an igon aldaztxo bat, eta sartu Erruki-Etxeko (Samames) zugazti gerizpetsuan... nire adiskideak emoten eustazan laztanakaz izerdia dariola nengoan ta.

        Jesarri nintzan aulki luze batean eta ba nengoan arkoloka geure izparringia irakurten, beti be an ebillen uso pillo bati begira. Alako batean ni nengoan aulkiaren urrengokoan jesarri ziran andereño (señorita) gazte bi, amasei ogeira bitartekoak, politak, apaindo jantzita, ta txor-txor-txor ba eragoioen alkarregaz barriketan, abots me bigun zoli-zoliaz.

        Neure artean esan neban: Oneek, ingeleraz ala frantzeraz ete dabilz? Espaiñeraz ez ebiltzala igarri-igarri eben, izketa legun biguna zalako eurena. Alako batean oartu neban euretatik batek iñoala:...eta, azpiko aldetik etorri zanian...

        Orduantxik, neure barru guztia ikaratuta, neure buruari esan neutson: Zer, euskeraz jiñarduek orrelako señorita eleganteak?

        Adi jarri nintzan eta... bai gizonak! euskeraz eben euren jarduna andereño apain areek, eta euskera gozo-gozoa gero; belarrira bigun eta legun etorren areen elea, tonu barik eta gorabera barik. Zati baten egon nintzan gozaro entzuten, eta alde egin nebanean gogoratu jatazan ainbat erritako señorita puixikak, uste dabenak euskeraz egin ezkero atzamarretako erestun guztiak jausiko jakezala, ta barriz, espaiñera ele gogor ori erabilli ezkero, astokrazian sartuta dagozala, txanpon baten jabe izan ez arren be.

        Nik ikusi nebazan andereño euskaldunak ez dakit nortzuk diran, baiña zoriz gure izparringi au irakurten dabenak badira, emendik bidaltzen dautset zorion agurrik sutsuena, eskaturik olantxe beti euskeraz itz egin dagiela.

        «Emakume bik euskeraz itz egin dabela ta, orrenbeste zarata?» esan lei bat-edo-batek; eta nik darantzutsot: Bai, zarata andia, geure bizi guztian ikusi ta ikusten dogulako señorita ta señoritoak eta euron antza artu gura daben guztiak beti espaiñeraz itz egiten dabela, ostikadea emonaz euskereari, geure abenda-ele ederrari, bestea baiño politagoa ta gozoagoa berau izanik; lengo eguneko andereño politak lakoak balitzaz beste enparauak Euzkadin, beti euskeraz diñarduenak, laster azpikoaz gora jarriko litzake gure Aberri au, ta goian egongo litzake goia dagokiona ta beean gaur goian dagoana.

        Eta gora andereño euskaltzaleak eta... beste aldera señorita erdaltzale puixikak!

 

* * *

 

        Atzo goizean, barriz, Atxuritik aruntzako pagadoitik nentorrela neure ondotik igaro ziran mutikotxu bi polito jantzita, sei-zortzi urtedunak lakoak, alkarregaz euskeraz ederto itz egiten ebela; otsein bat etorren euren zain, eta esan neutson:

        —Nundarrak dira mutikotxu oneek?

        —Bilbaotarrak dira.

        —Eta euskerea, nun ikasi dabe ba?

        —Ementxe, bertan. Etxean euskeraz beti egin jake ta... —Ori da gauza polita! Bilbaon jaio, Bilbaon azi, ta Bilbaon euskaldun izatea, señoritoen etxean. Nor da euren aita?

        A-tar I.

        —Oi, ba dazaut! Abertzale zintzoa da ta, ez naz ikaratzen bere semeai irakastea berari bere gurasoak irakatsi eutsoen ele abendatarra.

        Bilbaon, A-tar I-aren ganera, abertzale asko dazaudaz euren umeak euskaldunak diranak. Guztiai, A-tar I-ri ta enparauai, opatzen dautsegu zoriona.

        Baiña baita ba dazaudaz euskaldun abertzaleak euren umeak euskerea ez dakienak, eta onei diñotset nora begira egon diran eta dagozan, abertzaletasuna egintzakaz erakusten dala, ez barriketakaz.

1915-VI-20

 

aurrekoa hurrengoa