www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldun abadeak, zain!

 

        Irakurri dozue atzo emen erderaz argitalduriko jazopena, Alonso Rodríguez deunaren bizitzakoa?

        Jakingarria da ba.

        Mallorcan, josulagun (jesuita)-etxe bateko atezaiña zan Alonso Rodríguez. Eleizeak edo Doibatzak, geroago, deuntzat ezagutu ta iragarri dau; baiña bera bizi zala be, deun ereisten eutsoen ezagutzen eben guztiak, ain zan ona, apala, zeatza ta jaumaitasunez betea.

        Josulagun etxe artako nagusia zan Rico-tar Jaime aba, gizon ona, arteza, jakintsua, ta itzegikari bikaiña. Valenciatarra zan, eta beraz, Mallorkatarren ele edo izkerea ba ekian; jakiña da ba, Valenciako ta Mallorkako ta Kataluñako biztanleak euren izkeran alde gitxi daukela, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak eta naparrak dogun aldea lez orrenbaten.

        Bein jazo zan ba Rico aba joatea itzeikizun edo sermoia egitera Palmako eleiza batera. Alonso Rodríguez deunak lagun egin eutson; eta txonitz-toki (kulpito)-ko mailletan jesarrita egon zan, txonitza edo sermoia izan zan artean.

        Amaitu zanean au, iru Agur Miren-ak esan ebazan sermolariak erriagaz batera; ta Alonso deuna be jarki zan belauniko mailletan, eta orduantxe eldu jakozan oni argi-argi itz oneek Donokitik (zerutik) lez:

        —Ire nagusiak sermoi au Purgatorioan ordainduko jok.

        Au entzunik arrituta geratu zan deuna. Ulertu eziñik ebillen zegaitik izan leitekean, bere nagusia josulagun eta gizon guztiz ontzat eukan ba, ta ganera, orduko sermoiar guztizko ederra ta zuzena eretxi eutson. Zer ete zan ba?

        Ekin ta ekin igarri eban azkenean zegaitia; bere nagusiak gazteleraz egin eban sermoia entzuleak izanik gazteleraz ez ekienak mallorkeraz baiño. Ortxe egoan untzea.

        Deunak jakin erazo eutson nagusiari eleiza edo txadonan jazo zana; ta onek, igarririk ondo Jaunak esan gura eutsona, ordutik aurrera ez eban txonitzik (sermoirik) egin gazteleraz alde artan, beti bertako biztanleen elez.

        Zer deritxozue jazokunari? Ba dauko irakaskizuna, ezta? Zelan be daukon! Batez be emen gure Euskalerrian. Ba dira emen abadeak eta prailleak euskaldunei Uzkurtz (Erlejiño) arazoak erderaz irakasten dautsiezanak; batzuk ekanduz, beste batzuk nagiz euskeraz egiteko; beste batzuk norbaiti errian atsegin emotearren; beste batzuk uste dabelako euskerea bizkaitarristen gauzaren bat dala ta sua emon bear jakola orregaitik...

        Jazokun orretan Jaunak adierazo eban bere deun Alonso Rodríguezen bidez erriari Uzkurtza irakatsi bear jakola bere elez edo izkeraz, ta adierazo eban bere abotsez, argi ta garbi, ezetariko ezbairik edo dudarik ez izateko eraz.

        Jaunak berberak gizonai emon dauskun zentzunaz irakatsi dausku bere Gurea: iñori adierazo gura badautsogu ezer, batez be Donokirako bidea, adierazo dagiogula berak ulertuko dauan eraz, esan dagiogula bere elez, ostantzean alperrik da ba ta...

        Baiña, zoritxarrez, gizonaren argaltasuna bide dala, zentzunaren esanari etxako sarritan jaramonik egiten, eta orra gure Jaun ona dator bere abotsez guri irakastera zentzunetik jakin bear genduana.

        Gizonak a... arduraz ibilli zaiteze, zain gero zer egiten dozuen, ez da txantxea ta.

1916-III-8

 

aurrekoa hurrengoa