www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Erantzun, bear dan lez

 

        Abotsezko iragarkia edo pregoia, zetarako da?

        Alkateak edo beste edozeñek erriari zerbait jakin erazoteko, bitzuei egoki jakena.

        Alkateak edo beste edozeñek erriagaz dauken izketa bat da pregoia.

        Beraz, zentzunekoa da pregoia edo izketa ori egitea erriak dakian elez edo berbetaz: Euskal errian bada, euskeraz; Espaiñan bada espaiñeraz; Frantzian bada frantzeraz; eta abar, eta abar, eta abar.

        Au ulertzen ez dauana astakirten ikaragarri bat da... nire aburuz; edo jakiñen ganera iñoren gorrotoz gauza argi ta zuzenaren aurka jarten dan gizon moaua da.

       

* * *

 

Mundakan, Euskal erriko beste uri askotan lez, antziñatik etorri da ekandua pregoiak euskeraz esateko. Bai ba! Erriak dakian eta beti erabilli oi dauan elez edo berbetaz.

        Orain, jakin dogunez, debekatu egin dabe euskeraz pregoiak esatea.

        Indarra dauanak, askotan, edozer egiten dau, zuzen naiz oker.

 

* * *

 

        Valladolid aldeko urietan aginduko balitz pregoiak esatea euskeraz edo ingeleraz edo, ez ete leukie txartzat artuko ta ez ete leukie gogor erakutsiko euren asarrea, Queipo de Llano-k eta bere beste errikide guztiak? Bai arean! Eta ondo egingo leukie.

        Ba, ez eiok iñori egin euretzako nai ez dokana. Auxe da zuzentasunaren sustarrik sendoenetarikoa.

       

* * *

 

        Ondiño aldi asko ez dala, birritan emon genduan emen izpar au: Laburdiko Beskoitze (Briscous, frantzitarrak) uri politean, igande guztietan, bertako idazkari edo sekretarioak, Udaletxeko balkoitik, euskeraz esaten dautsozala erriari Gobernuaren erabagi eta agintza jakingarrienak.

        Beskoitzetarrak Frantziako lege ta agintarien menpean bizi dira.

        Gu, beskoitzetarren anaiak garala, Espaiñako lege ta agintarien menpean bizi gara.

        Guri galerazoten dauskuena gure anai maite arei ez dautsie galerazoten.

 

* * *

 

        Frantzian euskereari ez dautsoe gorrotorik.

        Paris ondoan ango Gobernuak atondu dau Osatetxe edereder bat, oraingo guda andi onetan geixorik edo zauriturik jausten diran euskaldunentzako. Bertan dagozan osalari, geixozain, abade ta otsein dan-danak euskaldunak dira. Ara osatzeko daroezan gure anai gixajoak, euren zoritxarrean ba dabe poztasun bat: euren elez itz egiten dautsiela, euren anai kutunen ardurapean aurkitzen dirala, euren etxean balegoz lez.

 

* * *

 

        Emen ori lakorik ez dogu iñoz ikusi, eta itxuraz, ikusiko bez. Ez dago euskerearentzako ezetariko begiratze onik. Euskerea, ta beraz euskalduna, jaurtika darabille beti. Eta gero, ikaratuta esaten dabe guk ez dogula maitasunik erakusten eurakana!

 

* * *

 

        Bizkaian Espaiñako Gobernuaren ordezkariak debekatu dau pregoiak euskeraz esatea euskaldunei.

        Zegaitik?

        Euskerazko pregoi orreek ete dakarre kalterik, edo ete dauke iraiñik Espaiñarentzat edo Gobernuarentzat? Ez, orretan ez dago kalterik ez iraiñik iñorentzat.

        Iñorentzat gatxik ez dauan gauza bide-bidezkoa galerazo dabe.

        Ori, beraz, euskerea ikusi-eziñak, euskerearentzako gorrotoak eragiña da.

 

* * *

 

        Eta guk, zelan erantzungo dautsogu gorroto orri?

        Bear dan lez: Euskerea geroago maiteago izanagaz.

        Gure gogora iñor ezin eldu leike, ez Gobernurik, ez agintaririk, ez iñor.

        Ba, antxe geure gogoan biztu daigun euskerearen maitasuna, ta erabagi sendoa artu daigun geuk al dogun guztian erabilteko.

        Euskerea il gura dabe? Ez dabe ilgo, geu bizi garan artean beintzat!

        Euskerarik ez dabe entzun gura? Entzun bearko, miiña erroerrotik ataraten ez badauskue!

        Iñok ez dau eskubiderik ez alik guri euskerea kentzeko, gurasoen odola ta abizenak guri kentzeko iñok ez dauan lez eskubiderik ez alik. Geure-geureak dira!

        Gora euskerea! Bizkortu euskaldunak!

1916-II-3

 

aurrekoa hurrengoa