www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

«Euzkel-Laguntza»

 

        Egunokaz gure izparringi onen erdal aldean irakurri izango dozuez «Euzkel-Laguntza» orretzaz idazten diran izparrak.

        Pozkarriak dira eurok. Emengo Jel-Gaztedian asmauriko batza ori geituaz ta geituaz doa, onetara uste leikela lur onean azia jausi ta erne dala.

        Ba dakizue zetarako sortu dan Euzkel-Laguntza: igarri barik, piska-piskaka, dindi-dindika, dirua pillatutea.

        Eta diru au, zetarako? Euskereari indarra emongo dautsoen bideak edegi ta zabaltzeko; idaztitxuak egin, ez dakienak ikasi dagien, umeek euren ikaskintza euskeraz egin al izan dagien, eskolak irasi umeentzakoak, txiroen umeak erdal-eusko errietatik euskal errietara eroan al, antxe euskaldun biurtu daitezan eta gero eroan al dagien abenda elea euren errietara, ta oneetariko beste lan onuragarri asko.

        Diru barik ezin leike ezer egin, eta diru au biltzeko biderik ederrena asmau dabe «Euzko-Gastedi»koak. Astean-astean txakur txiki bat emon bear dau Batzan sartzen dan laguntzaleak. Onexegaz bilduko da, ez bear dan beste, baiña bai aurre emoteko beste gaur ezetara be egin ezin leikezan ainbat eta ainbat gauza bear-bearrekoei.

        Txakur txiki bat astean! Ori, zer da? Ezebez!

        Txakur txiki bat emoten da bape tamal barik edozetan: adiskide edo ezagun baten ume bat ikusten dozula «Eutsi, ume, txin» esanaz an doa; gitarrea joten (benetan, e?) agertzen jatzula gizon bat, abestuten dabelakoan deadar ikaragarriak darabilzala, an damotsozu txanpon txiki ori; artz tisiku bat eta tximiño zikin bat lagun dabezala ta pandero zar andi bat joten eltzen da errira ungaro koipezto ule-luze bat, eta txakur txikia botaten dautsozu; bertso berri ganorabako batzuk erostearren ataraten dozu sakeletik dirutxu ori ezetariko iguin barik; eta onan, ezerezkeri askotan, igarri barik joaten jaku txanpontxua.

        Orregaitik diñogu, ba, txakur txiki bat astean ezer ez dala; igarri barik, gure Euskera ederrari ukar edo limosna onurazkoa egingo dautsogu.

        Eta ondiño geiago. Euskaldunak ori egiñaz bere buruaren alde, edo beintzat, bere oiñordekoen alde azia ereiten dau txakur txiki orregaz. Ara zelan:

        «Euzkel-Laguntza»k artuko dauzan bideakaz ta egingo dauzan lanakaz euskerea ipiñiko dau joakera onean gure aberrian, eta aldia etorriko da euskeraz jakitea bear-bearrekoa izango dana emen otseintza edo enpliorik geien edo danentzako; ta beraz, orduan euskaldunak beiñago izango dira erdaldunak baiño, ta ogia irabazteko tokia askozaz errazago idoroko dau bere aberrian, iñora joan bearra izan barik, gaur jazoten jakon lez.

        Euskerea jaso ta indartzeko bide guztiak onuratsuak dira ba euskaldunentzat. Euskereak irabazten badau, berak be irabazi bear; ori argi dago.

        Onan ba, al dozuenok sartu zaiteze «Euzkel-Laguntza»n; batu zaiteze amar-amarka, ta amarreko orretan batek artu ardurea astean-astean txanpon txikia besteei eskatzeko. Gauza errazagorik...

        Orretara igarri barik, ezer egin ez dogulakoan, indar andia emongo dautsogu danok batera geure euskereari, edo geure aberriari, edo geure buruei, geu guztiok batera gara aberria ta.

        Zenbat eta zenbat euskaldun izango dira esango dabenak Koipez ta bere lagunak Pankorborantz bidaltzearren ogerleko bat pozik emongo leukiela!

        Ba, astean txanpon txiki bat emoizu, ta urte gitxi barru Koipez guztiak baiño beiñago izango gara emen euskaldunak. Ori eskier!

1916-II-26

 

aurrekoa hurrengoa