www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Argi ta garbi, atxakiak, zetako?

 

        Lengo illeko igande arrastegi baten Begoñara igon giñean, egurastuaz batera denporea emoten, eta an, eleizearen aurrean aurkitu genduan adiskide maite euskaldun bat, bere ume bigaz, neskato-mutikotxu txoriak lakoxe alai ta politak.

        Ango aulki baten jesarrita barriketaldi luzetxua euki genduan, bitartean umetxu polit areek olgetan ebiltzala gure inguruan, une baten be geldi ezin egonda.

        Guretzako ume areek euken gauzarik ederrena, eurek erabillen euskerea zan. Bai, euskeraz bakarrik eta erraz-erraz egiten eben euren artean eta aitagana zetan edo atan urreratzen ziranetan, eta guk eurei zeozer itandu ta zirti-zarta egundoko bizkorren erantzuten euskunean.

        Ume areek Bilbon jaio ta azi ta bizi dira. Euren aita euskalduna da, baiña euren ama len etzan, bilbotarra zalako, eta gaur euskeraz daki, berak euskotar gogo bizia daukolako ta bere senarrak irakatsi dautolako.

        Orra ba sendi bat euskalduna, erdaldunak inguruan euki arren; etxeko elea euskerea dabe.

        Onetariko sendiak Bilbon banaka-banaka askotxu dira, uste dan baiño geiago. Euskotar zintzo asko ezagutzen doguz olantxe euren umeei euskerea irakatsi dautsienak etxean beti erabilliaz bakarrik.

        Poz andia izaten da guretzako Bilboko semea edo alabea dala ta euskalduna dala iñor aurkitzea.

        Baiña bestetarikoak be, eurekanaiño antxiña-antxiñetatik belaunik-belaun eldu dan euskerazko katea eten eta galduta, euren umeei euren elea irakatsi ez dautsienak, asko dira, asko!

        Bilbon eurrez aurkitzen dira esaten dautsuenak: «Mi padre y mi madre ya sabían, pero yo no sé... no me enseñaron» (Nire aitak eta amak ba ekien, baiña nik ez dakit... ez eusten irakatsi).

        Euren sendietan orrelan euskerea galtzen dabenai itandu ezkero ia zegaitik, erantzuten dautsue:

        —Bilbo au erdalerria da ta umeak erderea baiño ez dabe entzuten, ta ezin leike.

        —Ni asi naiake irakasten eta euskeraz eztabe ein gura, ta zer gurozu? Errekara botakozuz? Itzi ein biar.

        —Ara, guk etxean pozik eingo geunskioe geure umeei, baiña gaur erderea biar-biarrekua dalako, erderaz itz egiten dautsegu, erderea galdu eztagien, erderea beti erraz euki dagien...

        —Nik irakatsiko neuskioe, orixe bai, neu nazan euskozalea izanda, baiña...

        Orretaraxe, dana izaten da atxakia; danak estaldu gura izaten dabe atxaki orreekaz egizko zioa: euskereaganako ezetza, euskereagaitik ardurarik eza, Euskalerriak ondiño bizirik daukon gauza bakarra galtzeak bape miñik ez emotea.

        Zetako atxakiak? Argi ta garbi esan zegaitia.

        Or ipiñi doguzan atxakietatik irugarrena emoten eban bat, bere sendiagaz, aspalditxo dala, Doitzerri (Alemania)-ra bizi izaten joan zan, eta an, bai berak eta bai bere seme-alabak, dotxerea ondo jakitea onurea eben; baiña ori gorabera, etxean beti gaztelako erderaz itz egiten eben.

        Au ikusirik, bere ezagun beste euskaldun batek bein esan eutson:

        —Zelan da ba? Etzenduan zuk esaten Bilbon etxean erderaz egiten zenduela, erdalerrian bizi ezkero, erderea bear-bearrekoa dala, ta zeuk eta sendiak erderea obeto erabiltearren alde batera itzi zenduela gure euskerea, onek kalterik ekarri ez egizuen zeuen erderea makalduta? Emen, Doitxerrian bardin egitekotan, etxean doitxeraz bakarrik itz egin bear zeunkie, Gaztelako erderea itzita, emen ez dozu bere bearrik eta. Zelan da ba, euskereari ezarririko neurria gaztela-erdereari ez ezartea?

        —Tamala izango litzake galtzea.

        —Eta euskerea, zeure elea galtzea, ez?

        Euskaldun biok barriro autu berberori euki eben gaztelar zintzo ta gogotsu baten aurrean, eta onek bizi-bizi esan eban:

        —Hace tiempo ya que vivo en Alemania, y mis hijos hablan alemán igual que los alemanes; pero en casa siempre hablamos nuestra lengua castellana, y nada más que ella, para que no se nos olvide, ¡pues bueno estaría que olvidásemos la lengua que es nuestra! ¡Entonces sí que mereceríamos que nos desollasen vivos! (Doitxerrian aspaldi bizi naz ta nire umeak doistarrak eurak baizen erraz itz egiten dabe doitxeraz; baiña etxean beti darabilgu geure ele gaztelarra, ta bera bakarrik, aztu ez dakigun; ez geunke besterik bear geurea dan elea aztutea baiño...! Bizirik narrututea legokigu orduan!).

        Au entzunda, euskaldun atxakibakoak gogoz bostekoa estutu eutson gaztelar zintzoari, ta gero, euskaldun atxakitsuari euskeraz esan eutson:

        Erri onegandik ikasi...

1926-XI-11

 

aurrekoa hurrengoa