www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldunak gara

 

        Santurtzetik Bilbaorako tranbian datoz iru euskaldun, neskatilla bat eta mutil gazte bi.

        Eurok, euskalerriko bazterren batetik etorri dira Barakaldo aldera edo, nor-edo-nor ikusteko edo zeregiñen bat zuzentzeko ustez.

        Iru gazteok alkarregaz izketan datoz euskeraz; bai ba, euren elea da ta.

        Tranbian dator españiar gudari bat, ez laua (errasoa); besoetan izarduna, agintaria da.

        Onek gazte arei marre dirautse ez itz egiteko euskeraz, an espaiñeraz itz egin bear dala.

        Euskaldun gazteok, erbestean edo erri ezezagunean dagoana lez, etziran azartu gogor erantzuten.

        Bakarrik erantzun eben, eta erderaz, ia zegaitik ez eben euskeraz itz egingo, ia eurak iñori ze kalte egiten eutsoen euren elez euren gauzak eurentzako esanaz.

        Gudaria, mutillek biguntxo erantzuten ebela ikusirik, asko jagi zan, eta asarre-zarataka garratz asi jaken.

        Onetan, sartu ziran tranbian ola beargin batzuk, euskaldunak, Dikeetan edo dabilzanak.

        Uartu eben zer erabillen mutil gazte ta gudari arek, eta euretariko batek esan eutsen gazteei euskeraz:

        —Itz egin euskeraz ardura barik.

        Orduan gudaria beargin oni asi jakon zarataka, ta onek zarata andiagoak atara eutsozan berari.

        Asko garraztu ziran biak, eta azkenean gudariak eupadea jaurtin eutson beargiñari urteteko tranbitik biak burruka egiteko.

        Beargiñak guztizko edertoen erantzun eutson:

        —Izarrokaz darabilzun jake ori kendu egizu lenengo, ta gero urtengo naiatzu.

        Au entzun ebanean, gudari txotxoloak alde egin eban tranbitik

 

* * *

 

        Jazopen au lengo egun baten izan zala esan dauste. Orretariko jazopenetan erakusten dabe españiar txarrak euren gorrotoa euskaldunen gauzentzako.

        Gudari arek ezin esan lei a neskatilla ta mutil gazteak separatista-k dirala, nortzuk diran be ez daki ta.

        Ak ez ebazan ikusi euskaldunak baiño, ta orrexegaz bakarrik naikoa izan eban bere gorrotoa erakusteko.

        Argi dago ba, orreek españiar txarrok, ez dabela gorrotatzen separatismoa (eurak esaten daben lez), orreek gorrotatzen dabena da euskalerria.

 

* * *

 

        Tranbiko beargiñak gazte arei esan eutsena berresan daigun:

        —Itz egin euskeraz ardura barik! Eta iñoz, a gudaria lakoren batek ezer esan badautsue, euskeraz erantzun: «Ez dogu gura erderaz itz egin», ez erderaz ezer be erantzun, eta jarrai.

 

* * *

 

        Eta orain jatorku gogora euskaldun askok (eta abertzaleak be ba dira lotsagarriz) ekandua daukela beti erderaz itz egiteko alkarregaz.

        Euren jatorriaren lotsa dirala esan lei.

        Ez lotsatu, ez dogu lotsaririk euskaldunak garalako. Ez gara sasikumeak. Euskaldunen erria Europan diranik zarrenatarikoa da. Antziña irasi edo fundauriko etxekoak gara ba. Zegaitik lotsatu orduan? Egin, egin euskeraz; erantzun geure jatorriari, geure odolari.

        Bere jatorri zindo ta argia maite ez dauana, doillorra da.

1919-XII-23

 

aurrekoa hurrengoa