www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Zer dala ta?

 

        Itandu auxe buru dauala ekarri dausku idazki bat Lexonako Artatza-k, eta bertan diño ango txaunburu edo parrokoak ez dauzala ipiñi gura izan euskal izen bi, esanik Eleizako legeak ez dauala olakorik aginduten.

        Eleizako legeak ez al dira bardiñak alde guztietan? Zelan da ba, euskal izenak ipintea edozein erritan, naiz Euzkadin, naiz Espaiñan, naiz Amerikan, naiz Pillipanetan, naiz edonun, eta Lexonan... Lexonan, gizonak! ez ipiñi al izatea? Doipuruak, Aita Santuak (abade orrek ulertu dagian), agindu eban euskal izenak ipiñi leikezala, ta agindua argitaldu zan Goterki-izparringian (Boletín Ecleiástico, abade orrek ulertu dagian), eta danok irakurri genduan, eta ez eban esaten Lexonan ezin leikezanik, Lexona ez eban aitatuten; beraz, bete-betean uste genduan agindu orrek arrapetan ebala Lexona be. Zelan da ba orain Lexonako abadeak urtetea, an ez dauala Eleizeak laketuten (permitiduten, abade orrek ulertu dagian) euskal izenik? Doipuruak (Aita Santuak) isilik esan ete dautso ba berari? Ez ete dautso ezer esan, ta beraz, abade orrek guzurra esan dautse bere ardurapean dagozan eleiztarrai? Abadea guzurra esaten? Zelako irakatsia da gero? Jaunaren bildotsen artzaiña da, ala zer da?

        Abade ori jaimetarra dala ta euskotar abertzaleen gauzarik ezin dauala begien aurrean ikusi... abadea ez balitz be ez legoke ondo, baiña tira... Abadea izan ezkero, guztientzako da, ta abadetzea ezin dau edo ez dau erabilli bear bere opillari sua egiteko; abadetzea ez da orretarako, emen beko arazoetan, Jaunak aske itzi euskuzan arazoetan, alde batari edo besteari indarra emoteko, edo alde bata edo bestea joteko; abadetzeak ori baiño gorago

egon bear dau; bere toki goikotik jasten bada, ez iñor ikaratu gero zor jakon lotsea galtzen bajako; errudun izango dira abadetzea bere lekutik atarata, bear ez dan lekuetara eratsi dabenak.

        Ez dakit zer egin daben Lexonako umedunok; bearbada, abadeaz eztabaidan ez ibiltearren, biotz barruan euren kezkea gorderik, erdal izena ipinten itzi izango dautsoe; ori sarri jazoten da erri txikietan, gure baserritarrak otzanegiak (mantso-egiak) diralako.

        Ibilli ta ibilli, Lexonako abadea lakoakaz otzantasun ori galduko dabe, ta orduan ikusiko dira ikustekoak.

1915-VI-12

 

aurrekoa hurrengoa