www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Egin

 

        Uste dogu irakurle asko geldituko zirala jakin barik lengo igandean Tolosako gure euskal izparkariak bere idazkian emoten eban izpar bat.

        Eta ori uste dogu, susmetan dogulako euskal irakurle askok ez dauzala irakurten bere erriko (edo bere erri inguruko) idazkiak baiño; orretan oker aundi bat egiñik, idazki askotan izpar polit eta jakingarriak etorten diralako.

        Norbere errikoak ez diran idazkiei be ondo da begirada bat ganetik egitea, ia euretan idoroten dan izpar polit, edo jakingarri, edo garrantzidunen bat. Izpar bakotxari, geienean, bere asieran igarten jako zetarikoa dan.

        Orra ba, igandean Tolosako idazkian etorririko izpar jakingarria zan:

        Gipuzkoan suaren kalte-aurkako Bazkun bat dago «Seguros Mutuos de Guipúzcoa» izenduna; Bazkun onek bere urteroko batzarra Tolosako udaletxean euki dau lengo egun batean, eta bertan, urtebeteko goraberak, suaren kalte-ordaiñak, eta oneetariko zertzeladak, eta bai ostantzeko erabagikizun, oarpen eta abar, EUSKERAZ egin ziran.

        Izparkariak diñoanetik ataraten da, aurten egin dala olan lenengoz; len erderaz egiten zirala batzarrok.

        Beraz, orkada (pausu) bat gorantza egin dau euskereak or. Gauza pozkarria da ori, abertzaleak eta beraz euskaltzaleak garan guztiontzat.

        Izparkariak txaloak joten dautsoz Bazkunako artezkari Lopez-Mendizabal-tar Ixakari «ain txukun ta egoki aurten euskeraz agiriak eta batzarra egin arazi ditualako».

        Buakioz gure txaloak be Ixakari ta Bazkun orretako kide guztiei.

        Orixe da benetako lan onuratsua: «egitea» gure aberriaren alde. Ez dago orrelako «gora Euzkadi» deadarrik.

        Deadar guztiak baiño «egite» bat obe da.

        Egin... egin... orixe da bear doguna. Deadarrak aizeak eroaten dauz ta ezerezean geratzen dira, ta iñoz-iñoz geugaz batera eusko lan onuratsu baterako gertu dagozanak uxatuteko be izaten dira.

        Egin... egin... irakurle.

        Egitadaz jaurtizu «gora Euzkadi» deadarra. Seme edo alabea dozu? Ipiñi euskal izena berari. Orra or deadar ederra.

        Etxe bat egiten dozu, denda bat zabaltzen dozu? Bere izena, bere idazkuna, bere iragarria euskeraz ipiñi egiozu.

        Zeure lagunakaz, zeure etxekoakaz, erderaz itz egiteko oitura txarra dozu? Alegindu zaitez oitura aberri-ilgarri ori atzeratzen, eta beti geure asaba elez mintzatzen.

        Zeure etxeko edo zeure lagun bati idazkia egin bear dautsozu? Euskeraz idatziozu.

        Ikusten dozuz jeltzaleak ez diran batzuk, eusko zaletasunak eraginda, gertu dagozala, euskerearen aldezko edo euskotarren aldezko zerbait, naiz ikastola, naiz bazkun, naiz bide, naiz etxe, naiz txadon, naiz portu, naiz edozer, egiteko? Batu zaitez eurakaz, ta danon artean egizue gure aberriarentzako ondo datorren arazoa, lan aberkoi eder orretatik zeure deadarrakaz eurei alde eragin barik.

        Deadarra iñoz ondo dator, alkar ezagutzeko ta alkar sututeko; baiña beti-beti ta zetara ez datorrela, utsa da, ta iñoz gogaikarria, baita kaltegarria be.

        Egitea, barriz, beti-beti dator ondo.

1923-VIII-8

 

aurrekoa hurrengoa