www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Egin bear dana

 

        Aspalditxo da baserritar abertzale batek itandu eustana:

        —Nik «Balase» izena dauan alabea dot; ointxe asi bear dau eskolara; ba dakit, edo beintzat alan entzun dot, irakasleak edo maistreak ez dautsola deituko izen orregaz, izen ori erderaz biurtuta «Blasa» baiño. Onetara, eskolako neskato-lagunak be Blasa deituko dautsoe, ta alperrik izango da Balase izena ipiñia. Ez al dago biderik maistra orreri eragiteko neskatoari deitu dagiola bere benetako izenaz?

        Erantzun neutson neuk ez nekiala legez biderik dagoan ala ez maistreari eragiteko; ta neuk be itanduko neutsela beste batzuei, ia guztion artean jakiten genduan.

        Batzuren batzukaz itz egin dot, eta orain arte ez dot gauza garbirik atara.

        Eta neu noa emen agertzera arazo orretan egin leikena, neuk baneu Balase deritxon alaba bat egingo neukena, ara:

        —Maistreak Blasa deituten badauna, ez eion bape erantzun, ormeari deitu baleutso lez. Orregaitik ezer esaten badauna edo agiraka egin, erantzun eion ik Balase daukonala izena, ta aitak esan daunala iñori ez erantzuteko Balase deitu ezik, eta asarrerik egin gura badau datorrela neugana; orixe erantzuion, eta ez ikaratu ezegaitik, ez erantzun bein be Balase deitu ezik. Entzun don, ene alabatxu orrek? Eta ori dala ta beste barik eskua ganean ipiñiko baleuna, esaistan neuri, ta neuk belarri-aldeak berotuko jautsonadaz maistra orreri. Joan eskolara bape bildur barik, bertan beti izan esangiña ta adikorra, bear dan lotseaz eta eraz ibilli ta egon beti eskolan: baiña Blasa deituten badauna, ez erantzun!!

        Nik auxe egingo neuke. Iñok esango dau kirtenkeria dala ori, maistreari belarriak berotzea; baiña kirtenkeri andiagoa da ume bat jotea ezizen bati erantzun gura ez dautsolako.

        Eta untze bategaz bestea atara al izan oi dan lez, kirtenkeri bategaz bestea kendu lei ederto.

        Aitatu dodan baserritarrak gure izparringia artzen dau, ta beronen bidez or dauko berak niri egindako itanduaren erantzuna. Berari buruz-buru baiño gurago izan dot erantzuna emen emon, jazoera bardiñean aurkitu leitekezan beste askok be irakurri ta jakin daien.

1917-VI-29

 

aurrekoa hurrengoa