www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Umearen izena aitak, ez bestek

 

        Lengo baten esan euskuen Ondarroatik iñok eskatzen dauanean bere umea euskal izenaz jarteko ugutz-liburuan, ango abadeak, ezetzik esan baga, aurrean jarten dauala espaiñeraz izena ta gero bartatz (paréntesis) artean euskeraz. Izpar au emon euskunari eskatu geuntson ori ondo jakiteko egia dan ala ez. Bik erantzun dauskue Ondarroatik egia dala esanaz; emen daukoguz idazkiak.

        Ba, orretara badagoz, ume oreek ez dauke euskal izenik; euren izena da lenengoa, erderaz idatzita dagoana. Ume orren gurasoak atzipen edo engañu biribillean aurkitzen dira, euskal izendun umeak daukezalakoan dagoz. Etzan obeto, etzan garbiagoa, guraso orrei esatea: «Ez dot euskal izenik ipiñi gura», baietz esan eta gero ez ipiñi egin baiño?

        Orain, ez dakigu zelan zuzendu leiken oker ori. Egiña egintzat, izango da or urrean.

        Arazo onetan abade batzuk darabillen bidea ez da iñori gauza onik erakustekoa.

        Aginduta dago Erromatik, lengo egunean izparringi onetan ondo argi azaldu zan lez, gurasoak gura badau, aurrean ipinteko euskeraz izena ta gero bartatz bitartean espaiñeraz (bestea zein dan adierazteko, liburua espaiñeraz dagoan ezkero). Gasteizko Eleiza Boletinean argitu zan agindu ori 1911ko Lotazilla 9an, eta geroago ainbat bidar aitatu dogu abertzaleak.

        Abadeak burla egiten badautsoe agindu orri, eta aginduaz batera gurasoei, zer uste izango dabe gero guraso oneek egin bear dala beste agindu askogaz be? Ez leikioe burura etorri aginduak ez dirala bete bear norberari gogoak emon ezik? «Al daianak al daiana» dala aurrenengo legea, etxake, bearbada, bururatuko?

        Txikitxoen artean ereiten dan okerra beti ernetan da, beti, ta landara mardoak sortzen dira, amari edo frutu ugari ta sendoak emonik.

        «Eta orretariko gauzak geuri, txikiei, egiten dauskuez» entzuten da alde askotan. «Aberatsai balitz ez leuskioez egingo, areen umeei isil-isilik edozein izen ipiñiko leuskioe». «Ezagutzen doguz aberats edo andiki-umeak, Emma, Betty, Violet, eta abar izendunak; eta Miren, Luke, Edurne, ta abar izenak ipiñi gura diralako, gogait eragiten dabilz; zegaitik alde ori, batzuei bai ta besteei ez?»

        Euskal izenen arerio bidebakoak zarien abadeok: Ikusizue nora doazan zeuek joka darabilzuezan gogoak!

        Zuek, zetan sartu bear dozue umearen izena zein izango dan arduretan? Umea, bere aitarena da; bere aitak dauko eskubidea, jatorri legetik, bere umeari izena ipinteko; berak, eta beste iñok ez. «Kepa» izena ipintea bada bere gogoa, zer dala ta sartu bear dau orretan Ondarroako abadeak ez bestek, umeari «Pedro» izena ezarririk, aitak gura ez dauala? Ondo dago, zuzen dago, izen bat ipiñi gura, ta abadeak beste bat ipintea aren ostez?

        Au burla geiegi dok ia.

        Euskaldun abertzaleak: gogor zaindu egizue zeuen eskubidea umearen izena ezarteko, abadeari argi-argi esaiozue ipiñi daiala euskal izena lenengo, eta urrengo (gura badau) erderazkoa marra bitartean; olantxe, ta gura ez badau, alde ume ta guzti; bere gain umea ugatzau barik gelditzea.

1917-VI-26

 

aurrekoa hurrengoa