www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldun utsakaz

 

        Erderaz ez dakien euskaldunakaz izketan ibilli ezkero, esakera oso politak entzuten jakez. Esakerok euren artean, euskerearen erraietan sortu dirala uste izan leike, erderatik etorri barik, eta augaitik atsegin andiz batuten doguz entzuten doguzanak. Ara batzuk:

        Bein, mutil bat zeregin bat-edo-baterako gauza izango ete zan ala ez izketan eragoioen batzuk; eta euretariko batek, mutilla ondiño txikia zala adierazteko onantxe esan eban:

        —Mutil orrek arazo orretarako EPERDIJE BETXO ez dauko?

 

* * *

 

        Gizon zar batek (larogei ingurukoa) andra bati itandu eutson onen seme gazte bat ia zelan ebillen, ia zelakoa zan; andreak erantzun eutson mutil esanekoa ta ekandu onetakoa egin jakola, pozik egoala beragaz. Eta agura zuurrak esan eutsan:

        —Ointxe ondo zaindu biozu; mutillek eukiten dabe aldi bat oso arrisku andikue, BIXERREN URTEYERIE; orduentxe ardura andije eurekaz.

 

* * *

 

        Eskolara joiazan mutikoei errekadu bat emon gura eutsen baserri-etxe bateko andreak, eta auzoko beste andra batek onan esan eutson:

        —Ara, errekau ori mutikuekaz ezeixu bieldu, ORREEK GALBAIE ERABILTEN DAKIJE TA.

        Esan gura ebana zan, barriketan egiten dabela ta dana zabaltzen dabela mutikoek, galbaian zuloetatik joakela ganean ipiñirikoa.

 

* * *

 

        Mutil bati jakin erazo eutsoen alako errian eta alako baserrietxean neska ezkongei bat egoala, ta mutil ori joan zan etxea ta neskea ikusten.

        Mutil orregaz berba egin eban bati esan eutsoen:

        —Ta?... zer diño mutil orrek?... ezer egingo ete dabe?

        —Ez dot uste ezer egingo dabenik, ABIYIE GUSTAU YAKO BAIA SOSUE EZ.

 

* * *

 

        Beste batzuk be ba daukoguz ta alako baten ipiñiko doguz.

1922-XII-31

 

aurrekoa hurrengoa