www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Itxas-esakun zarrak

 

        Gaur ipinten doguz, atzo agindu genduan lez, Ondarrutik bidaldu dauskuezanak. Lenengoz, Solabarrieta adiskideak 21 ekarri euskuzan; eta biaramonean Aramaio idazleak bidaldu euskuzan 19, baiña eurok dagoz Solabarrietaren 21etan. Orain, Aramaiok egin dauana da, berak bidalduriko esakunik geienai azalpentxu bat ezarri, obeto ulertu daitezan. Buaz aurrenengo 19 esakunok:

 

* * *

 

        1. Matxakuk baldarra, jan-barra gogorra.

        «Onen lenengo zatiak esan gura dau galerrena dakarrela, baiña beste zatiak darantzutso jateko egon egin bear dala» (Aramaioren oarra).

        Baldarra da odei aundi baltza.

        2. Otoiok kapelii, arrantzaliak bela.

        «Esan gura dau Otoio mendiari odeiak oratzen dautsanean, txalupak etxeruntz abiatzen dirala» (Aramaioren oarra).

        Solabarrietak ekarri eban esakun au onantxe: «Otoio kapelara, mariñelak egin duela».

        3. Amon gurmii, kanpaixii.

        Solabarrietak: «Arnon gurmia, atako aixia».

        «Gurmi» au da lauso sarratutxua, erderazko «bruma».

        4. Santa kurutz mendijan gurmii, eurije.

        5. Mendesta? Laster egualdi txarra.

        «Este edo ekaldeko aizeari diñotsoe mendesta» (Aramaioren oarra).

        Itz auxe, nire ustez, dator frantzeratik: vent d'est.

        6. Matxaku motz, iparra zorrotz.

        Motz orregaz esan gura da, lauso artean nekez agiri dala Matxaku.

        7. Baldan laiñua, iparra.

        «Zumaia aldeko utsune bati deitzen dautsoe Balda» (Aramaioren oarra).

        8. Izarrak kiñulari, ego-aixii.

        9. Kulixkak kantari, eurijak nagusi.

        Gautxori batzuk dira kulixkak, erderazko «chorlitos».

        10. Triketa-bete suroest, artaña-bete noroest.

        «Au da, suroestetik aldatzen dala noroestera, ta len baiño aize gogorragoa ekarten dabela» (Aramaioren oarra).

        Triketa da, entzun dodanez, bela edo oial txiki bat; artaiña, arteko oiala, andienaren urrengokoa.

        11. Muruetan lañuu, nekatuko da orekarijen orpuu.

        «Esan gura dau, Muruetako mendian jarten danean laiñoa, aize zakarragaz laster txalupea orekan euki bearko dala, arraunari gogor tenka» (Aramaioren oarra).

        Solabarrietak orpoa-ren ordez besoa diño.

        12. Luzurieta argi, iparra nagusi.

        Orio ondoko mendi bat da Luzurieta.

        13. Terrala Mixo-n, mendebala pixo.

        Onantxe emon eustan Solabarrietak, eta Aramaiok idazten dau: Terral de mixo, mendebala pixo. Eta oar auxe dagi: «Terrala, goixetan ibai eta errekak dagozan tokietan egoten dan aixia da». «Mixo» ez dakigu ze arraio dan.

        14. Artapeko zingirii loitu, itxasua geitu.

        «Ondarroa ondoan dago zingirau , eta itxasoa bare egon arren, loitzen asten bada, ugiñak edo olatuak geroago andiagoak izaten dira» (Aramaioren oarra).

        15. Egualdeko urrutiko soñuu, ego-aixii gañiin.

        16. Altos Hornos-ko argii, andik etorriko jaku aixii.

        17. Sarkaldian burduntzi-odeia, mendebala ta eurija.

        18. Eguzki zuri, aixe edo euri.

        19. Brixak luze, atako aixe.

        «Esan gura dau, barruko aldetik ataruntz egualdi onagaz brixak (aizeak uretan egiten dauzan erraiak) luzeak badagoz, atako aizea etorriko dala» (Aramaioren oarra).

        Emeretzi orreen ganera, Solabarrietak emon euskuzan bi geiago; eurok, itxasalderako naiz mendirako bardiñak dira; guztiz politak, ara:

        20. Edurrak juaten badira euriz, etorriko dira berriz.

        21. Edurrak urtzen badira eguz, juango dira leguuz.

        Beraz, euriak urtu badagiz edurrak laster dira atzera: ta egoi aizeak urtu badagiz, luzarorako doaz (leguuz edo leguaz).

1917-III-3

 

aurrekoa hurrengoa