www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldun utsen esakunak

 

        Lengo baten argitaldu genduzan leku onetan, geure ustez politak ziran esakunak, euskeraz baiño itz egiten ez dabenai entzunak.

        Gaur, beste baten-batzuk ipiñi gura doguz, uste izanik ba, gure irakurleek ondo artuko dauskuezala.

        Bilbaoko emakume batzuk, illabeterako edo joanda errian aurkitzen ziranak, goizetan berandu jagi ta etxetik urten ta egurastuten ibilten ziran ezeren ardura barik, eta euren auzoko batek onan esaten eban:

        —Ainbeste emakume izan, ta ondiño illuntzian be orren oiek eta gelak SATORRAK JOTA egoten dira, ori da ganoria daukiena.

        Esakun onek dakar gogora satorrak jota egoten dan landea, emen lur-pilloa or lur-pilloa; oeak, bear dan moduan ipiñita dagozanean, landa garbia lez, leun-leun eta polito egon oi dira; baiña bertan bera lagata goizean jagieran lez, emen sakon-unea or goiunea ta an estalgiak meta eginda, satorrak jotako landa baten antza ba dauko zelanbait.

 

* * *

 

        Bein Elorrion, gure adiskide maite baten ama, euri zaparradeak arrapau eban bidean eta busti eban; eta etxerantza arin-arin joiala igaro zan aberats-etxe baten atarte aurretik, eta etxe aretan otsein egoan elorrioar neskatilla batek, deadar egin eutson:

        —Ene, itxaizu piskaten ta guardasol bat atarako dautsut.

        —Ez ein atera, itxion, bustita naiaon ba ta, BELIAK ETXAUKON GEIAU BALTZITUTEKO BILDURRIK.

 

* * *

 

        Lengo baten baserritar emakume bati entzuten geuntson (gitxi gorabera):

        —Mutiko batzuk okerrauek dauz, ene!... an gure etxe ganeko estartan batzen dira bi edo iru, ekarten dituez astuek eta biorrak, or basuetan arrapauta, eta ganera igon, eta an ibilten dira estartan batera ta bestera añeketan, baña zelan? An izate diran astrapalak eta apatx-otsak!... eiñalien LAUGINAN erabilteituez ganauek. Nik ez dakit zelan biarreztanen bat eiten ez daben.

        «Laugiñan» itz orregaz adierazten eban erderazko «al galope».

        Begiratu dot euskal iztegietara, ta itz ori ez dago.

        Lenago, geure errian bertan entzun genduan ori adierazteko «oinbardinka». Orraitiño, alde aretan geien entzuten dana da orretarako «galapan», eta auxe da itz egokia, beronek dakar ba belarrira zaldiak bere apatxakaz egiten dauan otsa olako ariñeketea darabillenean.

        Bidasoz andiko euskaldunek «lauazka» esaten ei dabe. Itz ori da gure «lauoinka» lakoxea.

 

* * *

 

        «Ilipon» zer dan igarriko ete dozue?

        Notin izena da. Olantxe ta guzti be, irakurle askok, baserrikoak ez badira, ezetz igarri erderazko zein izen dan.

        Ilipon, Ilipon, Durango inguruko baserrietan sarri entzuten dan notin izena.

        Ori da erderazko Ildefonso. Ugutz-aldian abadeak Ildefonsus deituten dautson eta ugutzauen liburuan espaiñolez Ildefonso edo Alfonso izena ipinten dautsonari, gero euskaldun utsak Ilipon deitzen dautsoe.

        Ildefonso baiño politagoa ez da?

 

* * *

 

        Eta «Nanaro» notin izena zer dala ta zagoze?

        Ezetz igarri onexeri be.

        Ikaratu zaiteze: Nanaro da erderazko Genaro.

 

* * *

 

        Gure euskaldun utsak, eurek ez dakiela erderaren sustar andiak daukez sartuta euren izketan; bañia uste izan leike euretara erderearen kutsu barik aurkitu balira, erderazko izen guztiak, abadeak ugutz-aldian ipinten eutsezanak, azpikoaz gora ipiñiko ebezala, ta eurek asmau beste barri batzuk, laburragoak eta ots obedunak.

1923-I-17

 

aurrekoa hurrengoa