www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Itxasaldeko irakurleei

 

        Gaur zuekana nator, zuek erraz egin al dozuen gauza baten eske. Ara:

Emengo Itxaso Agintari nagusiak (comandante de Marina) asmo bat dauko polita, ta berau da Bilbaoko ta enparau Bizkaiko Itxaso Agintaritzako etxeetan ipintea euskeraz ta erderaz idatzi esakun zarrak (errefranak), itxasoari dagokiozanak.

        Aizea nundik datorren eta indartsu ala makal, odeiak zelakoak eta zeruaren zein aldetan agertzen diran, itxasoak zein margo darakusan, ugiñak edo olatuak zelan datozan, itxas-txorien ibillerak, eta beste gauza asko onelakoak; jakinbideak izaten dira atzean etorriko dan eguraldia igarteko, ta jakinbide oneek eukiten dabez esakun zar edo esaeretan sartuta, errazago ikastearren eta obeto gomutatzearren.

        Ni ez naz itxasaldekoa mendikoa baiño, ta augaitik ez dakidaz esakun orreek; bestelan ementxe bat ipiñiko neuskizue adibidetzat. Edozelan be, ulertu daustazuela ta nago. Emen Bilbaon lengo zarrak esaten eben: «Kirru-laiñoak ikusi badaizuz zeruan goi-goi Pagatzarri aldetik, iru egun barru euria dozu».

        Oneexen antzeko esakunak dira ba esan gura dodazanak, baiña itxasoari ta itxasoko lan edo bearrari dagokiozanak.

        Oreexek ipiñi gura dauz ba emengo Itxaso Agintari nagusiak, euskeraz ta erderaz, itxastarrak sartu-urten-bear andia dauken Itxaso Agintaritzako etxeetan, orretara galdu ez daitezan eta zabaldu daitezan, esakun orreek ba guztizko onuratsuak dira itxastarrentzat, batez be arrantzaleentzat.

        Olantxe ipinteko batu gura dauz esakunok, eta bere aldetik etorri jatan lengo egun baten abertzale zaldun ezagun bat; esan neutson neuk ez dakidazala, baiña Bizkaiko itxasaldean eurrez irakurten dan lez izparringi au ta abertzale ta euskaltzale zinto-zintzoak eurrez diran lez, neuk dei egingo neutsela ta uste nebala erantzungo euskuela, euskerearen eta itxastarren aldezko arazo onetan.

        Beraz, gu abertzaleokana jo daben ezkero onetarako, bete daiogun guraria Itxaso Agintari orri; bestelan esango leuke zelakoak garan euskeraz-alde onelako gauza erraz baten ez laguntzeko.

        Bialduko daustazuez ba esakunak, ugari izan bear dabenak Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe ta Bermio lako erri, arrantzalea ain ugari danetan. Eurokaz barriketaldi batzuk egin ezkero, laster batu lei esakun txortea, onetariko esakunak ba bizi-bizirik eukiten dabez gogoan, naiz arrantzaleak naiz baserritarrak, eta biziago eskolabakoak edo eskola gitxidunak diranean.

        Bialdu egizuez, ta txorta-txortaka berbialduko dautsoguz Itxaso Agintariari, bide batez esker ona erakutsirik berari gure euskereari ta gure erriari arazo onezaz egiten dautsen ariguriagaitik.

        Gure irakurle guztiak be jakin daiezan, ementxe be argitalduko doguz, nundikoak diran adierazorik.

        Nik or gorago Bizkaiko erriak bakarrik aitatu dodaz, baiña Gipuzkoako itxas-urietan daukoguzan irakurle jatorrak be bialdu leikiguez esakunak; baita itxasaldetarra izan ez arren iñok badaki orrelako esakunik, bialdu bei.

        Nok daki? Bizkaiko Itxaso Agintariak egin dauana jakinda, izan leike Gipuzkoakoa be asmo orretan sartzea.

        Ia ba, irakurleak, ortxe zarie ba. Eskier nago ez nozuela lotsatuta utziko.

1917-II-17

 

aurrekoa hurrengoa