www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Pedro Mikel Urruzuno jauna

 

        Izen ori eban euskal idazle bikaiña lengo larunbat eguerdian il zan Mendaron.

        Gaurtik amabost egun barru inguru beteko ebazan, bizi izan balitz, 79 urte; baiña orren adin aundia euki arren gizon osasuntsu ta betiko umore ona eukana zan Don Pedro Miguel.

        Aste Deun onetan lan askotxo egin eban bere adiñerako; prosesiñoai jarraitu bide guztian, eta egun baten irurogeta aitorkuntzak entzun, eta onan gixajoa nekatu egin zan, eta orregaitik ordutik ona egon da apur bat ondoezik. Larunbatean txartotu zan bat-batera, ta Ikurton Deunak artu ondoren bereala il zan.

        Igande goizean egin zan bere obiralkundea, erdurik Mendarora Elgoibarko apaizak eta bai Mendaro inguruko guztiak be; eta orrez gañera, bertako ta inguruetako jende aundia.

        Elgoibarrera eraman zuten, ango semea baizan ba, ta ango Baratz Deunean bere gurasoen ondora illobiratzera.

        Atzo astelenez asi da Elgoibarko eleizan bederatzi eguneko il-otoizketea Urruzuno jaunaren gogo alde, eta amaituko da bederatziurren au datorren astelenean, orduan egiñik jaupa ta ilotoizketa nagusienak.

        Gaur jaupa ta il-otoizketak egingo dautsoez Mendaroko monjen eleizan; eta antxe bertan datorren barikuan barriro, inguru guztiko abadeak aginduta.

        Urruzuno jauna izan da aspaldiko urteetan euki dogun euskal idazle bikaiñenetariko bat. Berak, orain ogetaz urteak dirala, beiñolako «Euzkalzale» Bilbaon argitaltzen zan euskerazko aldizkingi eder-ederrean asi zan idazten bere «Euzkaldun Erdalzalea», eta gero jarraitu eban «Ibaizabal» asterokoan, eta arrezkero idatzi dau ainbat izparringi eta aldizkingitan, eta ointsurengo «Jesusen Biotzaren Deya»n, eta «Argia» asteroko politean.

        Amaika barre gozo eragin dau Urruzuno jaunak «Euzkaldun Erdalzalea»kaz!

        Eta ez uste Urruzuno jaunak beti barregarrikeri, gatz lodiko idazkaiak bakarrik idazten ekiala, ez; ben idazten ebanean, samur idazten ebanean, ba ekian bere samurtasunaz begira malkoak atara eragiten.

        Jaungoikoak lagun, biar eta urrengo egunetan argitalduko doguz ementxe bere idazkairen batzuk, gaurko gazteak ikusi dagien zelako gauza politak idatzita eukazan Urruzuno jaunak.

        Idazle ona izanaz gañera, jaun au zan apaiz onbidetsua eta gizon zintzo ta oso gogaldi onekoa; biotza eukan garbi, ta orregaitik, beti barre egiteko guraria, baiña barre garbia, iñori gatxik bakoa.

        Elgoibarko semea zan, eta bere jaio-errian txaunburu izan zan; eta dakigunez, bera txaunburu izan zan aldian txadonako bederatziurren eta otoitz guzti-guztiak, baita abestiak be euskeraz ipiñi zituan. Benetako euskaltzalea zan.

        Geroago izentau zuten Mendaroko monjen kapillau, eta antxe bakerik zoriontsuenean igaro dau bere bizitzarik erdia.

        Goian bego Urruzuno-tar Kepa Mikel jaunaren gogoa. Otoitz bere alde irakurle guztiok, batez be euskal idazleok, bera izan da ba gure anai nagusienetariko bat, eta anai maite-maitea izan ere.

        Bilbaon bizi dan bere arrebari ta bere lobari, baita Elgoibarren daukazanai, laguntzen dautsegu gaurko euren atsekabean.

1923-1V-17

 

aurrekoa hurrengoa