www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskal esakerak

 

        Aspalditxoan daukodaz (ia iru illabete) noz-edo-noz argitaltzeko usteaz, lengo udan neure baserrian neuk uarturiko euskerazko esakera politak...

        Tira, neuk eretxi politak; zuek, bearbada, ez dozuez politak eretxiko; baiña dana dala, or doaz, ta politak ez baderitxozuez, parkatu.

 

 

* * *

        Nire aurrean barriketan iñarduan bein andra ta gizon pillotxu bat, eta onetan, euren arteko gizon gazte batek auxe esan eban:

        —Ai baia... gari ona etxetik saltzen da.

        Gauza onaren billa etxera etorten dirala adierazteko, askozaz zeatzagoa ta politagoa eretxi neban esakera au erdaldunen «el buen paño en el arca se vende» baiño.

 

* * *

 

        Zaldi bat galapan, eta autsa andia ataraten dauala, ta arri koskorrak alboetara jaurtiten dauzala, datorrenean...

        Edo arri mokil andi bat mendian goiti-bera doanean arriabarrots andia ta keea atarata...

        Edo edozek abiada andia, ikaragarria daroanean...

        Orduan nire erritarrak esaten dabe besoak jasota:

        —Ak darue sue ta lantarra, edo ak dakar sue ta lantarra! Nire errian lantarra da erderazko «chispa». Beraz, esakera ori ta erdaldunen «va echando chispas», bardintsu.

 

* * *

 

        Notin batzuk sena eukiten dabe euren gauzea beti goraltzeko; euren gauzea beti izaten da iñorena baiño obea; saltzera badoaz beti ordaindu bear jake beste iñori baiño geiago.

        Orretariko notiñekaitik esaten dabe nire erritarrak:

        Orren gauziek gero beti daukoz bits bi.

        Antza danez, bits bi daukozan gauzaren bat ba dago guztiz ona dana, esnea edo besteren bat; baiña auxe ez dakit ondiño zein dan.

 

* * *

 

        Txakur bat abiau jakolako, mutiko bati entzun neutson esaten:

        —Gero... niri barriro etorten bajat etorri... laukuek atarakutsaz.

        Antza danez, «laukuek atara» izan bear dau lau zati egin, edo olakoren bat.

 

* * *

 

        Urkiolara zuazie? Eurije ein biutsue ba.

        Bai gure badau! Juetie pentsau du ta oin ba guez.

        Esakera orrek adierazten dau: «Ez da ardura».

        —Urteik ortik ikusiko abe ta!

        —Bai gure bajok! Ikuek ederrak jaozak eta betekada bat ein bieiuat.

        —Ointxe be guardasola aztute itxiozu zuk, galdukozu alakon baten.

        —Bai gure badau! Balio dabenaiti...

        Beraz, ez da ardura, «zer dauko ba» edo oneetariko esakeren ordez sarritan erabilten dabe nire errian «bai gure badau». Eta ez dabe esaten lauz; beti indarraz, esangura andiz.

 

* * *

 

        Ezegaitik ez dala estutu bear, gero be emen geldituko dirala gauza guztiak eta, adierazteko, esakun polita erabilten dabe:

        Gu ilda gero be, zorruak errotara.

 

* * *

 

        «Au gure andriau baiño esan txarrekuaurik iñun etxauk!» esaten eban bein gizon erretxiña arramuskalari batek, adierazorik ez ebala esanik egiten.

        Beraz, esan txarreko da erdaldunen «desobediente»; eta ondo dator, ba, erdaldunen «obediente» adierazten dabe esan oneko, esaneko, esagin itzakaz.

 

* * *

 

        Orreek lako esakeraz beteta erabilten dabe euskerea baserritarrak, eta neu atsegiñez egoten naiake entzuten.

        Erderatiko itz asko sartu jaken arren, ondiño be, zein polita dan euskerea erderarik ez dakien baserritarren ezpanetan!

1919-XII-28

 

aurrekoa hurrengoa