www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskerearen alde

Bart «Euzko-Gastedija»n

 

        Gazte-Batza gurentsu onek atzo gabean batzar bat ospatu eban bere asarrea erakusteko Queipok euskerearen kaltez artu dauan bideagaitik, eta era batez bere maitasuna erakusteko gure abenda ele oni.

        Gazte pillo andia bildu zan, guztiak suz beterik agiri zirala, beti lez, Aberriaren alde ezer egin bear danean. Euren artean asko dira euskeraz ez dakienak, ez euren erruz orraitik euren gurasoenez baiño, ta ori gorabera euskereari maitetasun andia dautsoe euskaldun askok dautsoenaren aldean. Gurariz dira euskaldunak, elez izan ez arren.

        Itzeikizun batzuk egin ziran, bata euskeraz, besteak erderaz, txalo andiak entzun zirala bertan, eta surik bizienaz asmoa sendotu zan geroago ta gogorrago ekiteko euskerea ikasten eta zabaltzen geure Aberri gaixo au bear dan lez goraltzeko.

        Euskeraz egin ebanari eskatu geuntson bere itzeikizuna, ta gaurko EGUNEKOtzat ezarten dogu, ara:

 

* * *

 

        EUSKALDUNAK:

        Emen batu gara gaur euskerearen alde deadar ekiteko asmoz. Euskereari gorroto aundia dautsoe motzak eta euren adiskide diran euskotar endekatu eta doillorrak. Euskerea il egin gura dauskue. Eta beronen semeak erabagi bear dogu ez dauala iñok ilgo, ezta txitik atzeratuko be, geu gertu gagozalako geure biziaz, bear balitz, euskereari bizia emoteko. Ez dabe ilgo, ez, noren semeak garan aztuten ez bajaku, geure gurasoen odola ta jatorria ta gomutea ostikopean zapaltzen ez badoguz.

        Danok dakizue euskerea dala gure Aberri maite-maite onen ikurrik (seiñalerik) lenena, berau barik izan ez leikela Aberririk guretzako. Antziña-antziñetatik, iñok ondiño ez dakiala noztik, lur onetan bizi izan dira euskotarrak, eta euren betiko ele edo berbetea euskerea izan da, Jaungoikoak eurei emona. Gure auzoko erdera ziztrin ori sortu ta jaio baiño millaka urteak lenago ezagutzen zan euskerea. Orreen armoniosa lengua, eurak alan esan daroe, ludian agertuko zanik iñok uste baiño lenago, gure asabak euskerea erabillen; euskeraz ikasten ebezan amagandik euren lenengo itzak, euskeraz egiten ebezan ume-alditan euren jolasak, gazte-aldiko euren maitasunak euskeraz alkarri abestuten eta adierazten eutsoezan, euren bizitza guztiko lanak, atsegiñak eta atsekabe-negarrak euskeraz ziran, Jaungoikoari euren otoiak euskeraz, eta azkenez il orduan euskeraz egiten eutsien euren biotzekoei ta euskeraz esaten ebezan euren azken itzak. Euskera maite onek bete eban gure asaben bizitza osoa, bera izan da Aberriaren una. Ta ori, millaka ta millaka urteetan, beti, ludian euskotarrak bizi izan diran aldi guztian, eta ekizue eusko erria dala Europan danik zarrena. Ba, ain antziñatik, belaunik-belaunera guganaiño eldu dan ari luze ta eder au eten gura dabe, gure Aberriari sustar-sustarrean aizkorakadea emon gura dautsoe. Anaiak, ez gara gizonak izango, ez dogu lotsarik izango, orixe besoak eunduta otz-otzik eta ezer egin barik ikusteko gauza bagara! Eutsin daiogun asabakandik etorri jakunari! Ez daigun ukatu geure Aberria, geure aita, geure abizena, geure burua!

        Oraingo aizkorakada au, oraingo zartada au, oraingo ostikada au, ez da, zoritxarrez, gure euskereak artu dauan lenengoa; gure abenda ele onek orretariko ostikadak lenagotik ainbat eta ainbat artuta daukoz, bai atzerritarrakandik, eta bai, lotsagarria! euskaldunekandik be. Aspalditik, eundaka urteak dira, euskereari egin izan jakon gudea itzela da.

        Gudarik txarrena ta lenena bere semeak egin dautsoe erabilli gura ezagaz, asto eletzat eukiagaz, ta onan astotzat artuaz euren gurasoak eta Aberria, ta beraz euren buruak; itsukeria da gero! Gaurko egunetara arte, danok dakizue, lau laukoren jabe egin izan dan edo izan ez da be ba dala erakutsi gura izan dauan edozein txotxolok, orpodun oiñetakoak eta arkondara gogorra ta ezpan ganean bibote zorri bat erabilli al izan daben euskaldun zirtzil geienak, euskereari ostikadea jaurtiten izan dautsoe, berau gauza ezezgan-itzat eukirik, baserritarren eta langillen ele ezjakiña dala, ta eurak lako jakintsu ikaragarrientzat ez. Eurak jakintsuak! Bere Aberria ezagutzen ez dauana, edo ezagutu gura ez dauana baiño ezjakiñagorik, nor ete da ba?

        Oneexek eusko seme deungok bideak gertau ta zabalduta, jausi zan gure Aberri zoritxarreko au atzerritarron menpean, eta oneek, gure agintari egin ziranetik ona, ekin dautsoe euskereari guda egiten, jaurtin dabe eskolatik, tribunaletik, erri batzar guztietatik; txitean-pitean argitaltzen izan dabe agintzaren bat azkenetan egoan euskera gaixoa ainbat lasterren amaitzeko, ba dakie ba euskerea galdu ezkero joan dala betiko euskotarren Erria, ba dakie orduantxe guztiz iruntsi ta eurekanduko dabela Erri au, eta euskerea biziko dan artean ez dala izango guztiz eurena, euskerea dala eurakandik zeatz banatzen gaituan esink gogorrena. Bai, anaiak, ori geuk baizen ondo dakie atzerritarrok, euskerea bizi daiten artean Euzkadi edo Eusko Erria be biziko dala, naiz ta iñoren menpean egon.

        Auxe ondo dakielako, euren gurari bizia izan da beti euskereari jo ta jo zartadaka ekitea, ta ekin dabe gogoz, len aitatu dodazan euskaldun txotxolo ta deungen laguntasunaz. Jotze jarraikor ori ikusirik arrituta geratzen da bat ondiño gure euskera au bizirik dagoala ikusiaz. Zori irakagarriz (millagroz) eldu da berau guganaiño ainbeste ta ainbeste arerio gaiztoen artetik.

        Orain arteko zartadak isil-isilik artu izan dauz gure Erri onek, iñok ez dautsolako jabe urteten izan. Emen ikusi da bein be iñun ikusi ez dana: zartadak, eta gogor mingarriak, artu, ta aiene txiki bat be jaurtin ez. Zentzuna galduta eukan Enni onek, eriotzako ateatean aurkitzen zan.

        Baiña abertzaleak argitu ziran nozbait, gure Sabin andia buru ebela, ta ordutik ona ez da jazo zartadak isilik artzea. Gomutan daukot, orain amairu-amalau urte, gure Sabin diputadu probintziala izanik, bera aurretik zala abertzaleak zaratea atara eben eskoletako erestun lotsagarriagaitik, eta lortu eben kentzea eskolamaisuen ekandu okerra.

        Ordutik ona be, abertzaleei eskerrak, euskereari dautsoen arazoetan ez da zartadarik izan atzean zaratea ekarri ez dauanik. Gure Erria minduten asi da, beraz bizmena ba dauko.

        Gaur emen batu gara Bizkaiko gobernadoreak galerazo daualako Udalak erriari euskeraz adieraztea bere erabagi ta agintzak. Au, euskerearentzako zartada txarra da. Dagoan baiño geiago baztertu gura dabe euskerea. Orain isilik geratuko bagintzaz, etorriko litzake gero euskerea galerazotea izparringietan, eleizetan, onako batzarretan, eta azkenez, kalean eta geure etxeetan be.

        Ez gaitezan isilik geratu ba, erakutsi daiogun gobernadore orri ta bere nagusiei ta bere adiskide danai geure asarrea egin dauanagaitik. Gure asarre onek indar geiago izan dagian batu gakiozan Alderdi Jeltzalearen Bizkai-Buru-Batzarrari, berak artu dau ba onetan, dagokion lez, aurretasuna, ta berak deitu dautse Euzkadiko abertzale guztiei eta abertzale ez diran euskaldun onai, baita be Kataluñako abertzaleei. Bapat egin gaitezan danok eta agertu daigun geure asarre bizia.

        Eta asarre bizi au erakutsiaz ganera artu daigun erabagia euskeraz beti egiteko. Ez daiskuela arpegira jaurtin belarri-motzak iñoz jaurtin dauskuena, ta gaur bertan orixe diño Bilbaoko izparringirik motzenak: euskerearen alde zarataka gabiltzala ta geuk ez dogula erabilten. Eurrez entzun daiskuela euskerea motzok, ia entzunearen entzunaz amurruz gibeletik geixotuta alde egiten dauskuen emendik. Euskerea lako esirik ez dagoala gu eurakandik banantzeko esan dot len, eta orain diñotsuet euskerea lako izkillurik ez dagoala geure ondotik orrei alde eragiteko. Euskerea zabaltzen dogun bestean garbituko dogu Aberria. Euskerea da Aberriaren giltza.

        Orain gobernadoreak egin dauanari emon leion erantzunik ederrena da euskerea ikasi ta erabilli ta zabaltzea. Gora euskerea, mutillak! Gora Euskadi garbia!

1916-II-6

 

aurrekoa hurrengoa