www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskerearen alde

 

        Mundakako Udalaren erabagiak Queipo de Llanok agindutakoaren aurka atzo argitaldu ziran izparringi onetan. Gaur doaz Bermeokoak artu dauzanak arazo orretzaz.

        Biak diñoe txarto deritxoela gobernadoreak agindu dauanari, abotsezko iragarkiak (pregoiak) erderaz eginbearra euskaldun errietan; eskatzen dabe agindu au atzeratu daitela, ta aurrerantzean, espaiñeraz idatzita Udaletxepean ipiñi oi diran iragarki ta agintzak ipiñi daitezala euskeraz be euskal errietan.

        Zorionak Udal bi orrei. Ederto! Artu begie euron bidea Euzkadiko beste Udal guztiak be, ta danak bat eginda jagon dagiela euskotarren betiko eskubidea euren elez alkarri itz egiteko.

        Bilbaon barikuan Udalak izango dauan batzaldian agertuko dira erabagigei (mocion-eak) bi: bata da jeltzaleak an daukezan ziñegotziena; bestea da Llonak, Pérez Bonak, González Olasok (jaimetarrak) eta Bandresek (errepublicano estaldua) agertzen dabena.

        Bitzuek dauke txartzat gobernadorearen agintza, ta eskatzen dabe onen atzeratzea, euskaldunei iñok ezin leioela kendu eskubidea euren errietan euskeraz gauzak adierazteko ta. Geure txaloak aldra biei.

        Baiña... beti dago zeozer! Llona, Pérez Bona, González Olaso, ta Bandres, lau ziñegotzi zuri-gorri oneek eskatzen dabe, Espaiñako Agintariak adierazo edo azaldu edo izentau dagiela euskerea espaiñar elea dala, espaiñarra dala.

        Baiña, gizontxuak, euskerea izango da beti izan dana, Espaiñako Agintariak ez dira gauzak aldatu leikiezanak eta. Euskerea izango da euskotarren elea, ta besterik ez. Zuek esan gura dozue euskotar zati batzuk Espaiñako legeen eta agintarien azpian aurkitzen garala. Ori ba jakiguk! Zuek esan bearrik etxaukoguk! Baiña gu zati batzuk Espaiñapean egoteak ez dau esan gura gure euskerea espaiñarra danik; or daukozuez beste batzuk Frantziapena, an daukozuez beste batzuk Laterri-Batzapean (Californian eta); ortik atarako da euskerea dala frantzetarra, ingelandarra? Bai zera!

        Euskerea euskotarren elea zan Espaiña, Frantzia ta orreek ludian agertu baiño lenago; iñok amesik be ez eukonean laterri orreek iñoz ludian agertuko ziranik, euskotarrak gure asabak emen egozan zintzo euren euskerea parra-parra erabillela.

        Gaurko euskerea ordukoxe berbera da, ez da aldatu; orduan etzan espaiñarra, beraz gaur bez, naiz zuek eskatzen dozuela naiz Espaiñako agintariak diñoela naiz ta Kaisar agintari gogorrak bere amar milla kañoiakaz aginduko baleu be. Gauzak iñok ezin leiz aldatu.

        Orain, zuen guraria bada, Agintariak ori adierazota, gure euskereari izan dagioela danak Espaiñan lotsea ta begiramena, ta ez daioela gorrotorik izan... tira, orduan ez geunke zuen kaltez ezer esango.

1916-II-9

 

aurrekoa hurrengoa