www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Kataluñarrak eta gu

 

        Atzo, Donostiko Anabi idazleak uar batzuk egiten eutsozan Kizkitzaren lan bati.

        Esaten eban kataluñarrak ele edo izkuntza erreza daukela, ta guk euskaldunok ele gatxa; eta orretatik datorrela areek ariñago ibiltea gu baiño.

        Irudi bat ipinten eban Anabik: alde andia dagoala adrilluzko etxe bat egitetik piramide bat egitera.

        Kataluñarrena da adrilluzko etxe erraza egitea; gu euskaldunena da piramide bat egitea.

        Kataluñarrak erraz eta zabal daukiez euren eleari jagokozan bideak, eta euskaldunak aldapatsuak eta estuak.

        Baten gagoz Anabigaz, zuzen diño.

        Baiña...

        Geuk be uartxu bat egin bear dogu, guk lez askok eta askok egin izango dabena emen gure Euskalerrian.

        Gure uarra auxe da:

        Kalatuñarrak alde guztietan eta beti «parlen catalá». Trenean, jatetxean, kalean, dendan, tranbian, edonun, kataluñarrak beti «parlant catalá» ikusiko dira; eta ez bakarrik langille antzekoak, ostantzeko guztiak be bai, ondo jantzita, aberats antzekoak. Auxe da uar bat, gure irakurle guztiek egin izango dabena, geuk lez.

        Orretara erakusten dabe izkuntza maite-maite dabela, ta euren artean besterik ez dabela erabilli gura.

        Eta emen gure artean, nortzuk euskeraz egiten dabe? Egia esan daigun: Banaka batzuk aldendu ezkero, erderaz ez dakienak bakarrik.

        Eurrez ikusten doguz aspaldiko urteetan abertzale zintzo-zintzoak, euskaldunak, beti erderaz itza darioela, alkarregaz izketan euskaldunak eta abertzaleak diranak egon arren.

        Uar au edonok egin leike Bizkaian eta Gipuzkoan, uri andietan eta txikietan. Euskeraz bakarrik egiten dan uri asko ta askotako Jel-batzokietan Espaiñako erderatxua baiño ez da entzuten geienetan.

        Euskaldunak ez dau maite bere aberriko elea, jakiñik ez dau

erabilli gura ta; bere aberria zapaldu dauan erriko erderea maiteago dau.

        Onetan alde aundia dogu kataluñarrak eta guk.

        Areek beti kataluñeraz itz egiten dabe.

        Euskaldunak, geienak, abertzale purrukatuak izan arren, ez dabe euskeraz itz egiten.

        Areek zegaitik bai? Euren elearentzako maitetasuna dabelako, gogoa dabelako.

        Emengoak zegaitik ez? Gogorik ez dabelako, euren elea maite ez dabelako, atzerritar arerioen elea maiteago dabelako euren

jatorrikoa baiño.

        Orrez ganera, zenbat euskotar erdaldun abertzalek ikasten dau bere aberriko ele «Euskerea»?

        Zenbatuko balitzaz emen euskeraz ikasten dabiltzanak euskal irakastola guztietan eta emen agertuko bagendu, danoi arpegia lotsaz gorrituko litzakigu.

        Aberri elea maite izaten, guk asko ikasi bear dautsegu kataluñarrai, euren aurrean burua makurtu ta txapela erantzi bearrean gagoz.

        Kataluñarrakaz burua bat egin gura badogu, euskaldunek euskaldunakaz beti-beti... beti gero!... euskeraz itz egin daigun.

1923-I-21

 

aurrekoa hurrengoa