www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Piperpoteak arrantzaka

 

        Araiñegun emen piperpoteak euki eben batzarrean, euretariko batek (piperpote zimel maillatu ta utsitu batek) asarrea erakutsi eban gure Diputaziñoa bere otsein izateko euskeraz jakitea eskatzen asi dalako.

        Bai ba, asarre... bide orretatik piperpoteak gelditzen diralako baztertuta, «hermano»ak euskerarik ez dakielako, eta jakingo bez.

        Baiña zuek asarre izan arren, ez dago gauza zuzenagorik euskaldunen eta euskaldunentzako otseiñak euskeraz jakin bearra baiño.

        Zamoran erri otsein izateko ipiñiko balebe espaiñeraz itz egiten ez dakian bat, zer esango zeunkie zuek? Burubakokeri bat dala. Eta egi uts-utsa esango zeunkie.

        Eta Zamoran lez, eta Bizkaian lez, burubakokeri bat izango litzake ludiko edozein aldetan ipintea erri otsein bertako elea edo izkerea ez dakian bat.

        Au baiño argiago eguerdiko eguzkia bez. Au ezin lei iñok atzeratu.

        Ondiño, piperpote zulaturen batek erantzungo daust emen ba dagozala asko euskerarik ez dakienak. Ba dakigu, ta orregaitik gure Diputaziñoak eskatzen dau bere otseiñak jakin daiezala ele biak: euskerea ta espaiñerea. Ez al da zuzen?

        Ele bi orreexek dira gaur Bizkaikoak, bata da geurea, bertakoa, lenago emen egiten zan bakarra; bestea da atzerrikoa, lenago emen iñok ez ekiana, ta geroago kanpoko ta barruko gure arerioak ekarri euskuena, beronen bidez kanpotarra bertakoaren goitik jarri al izateko; baiña dana dala, gaur Bizkaikoa da berau, ta berau barik bertan erri otsein izaten gaitz.

        Ba ele bion jakitun izan bear dau Bizkai otseiñak.

        Diputaziñoak zuzen egiten dau ba bere otseiñei euskerea ta erderea jakitea eskatuteaz.

        Eta piperpoteok, oker egiten dabe erdaldun utsa ipiñi gura izateaz Bizkaian: asarre agertzeaz euskerea eskatzen dalako emengo erri otsein izateko.

        Bizkaitar euskaldunak, eta bai enparau euskaldunak be! Ikasi or zeuen buruz guk ainbeste bidar esan dautsueguna; piperpoteak beti izan dirala, ta dirala, ta izango dirala euskaldunaren arerioak.

        Gure betiko esan ori sendotzen, orra araiñegun piperpoteak eurak etorri jatzuezala Bilbaora.

        Ikasi ta jakin ba danok, eta ez aztu zelakoak diran orreek.

        Eta euskerearen aurka agertu zan piperpote orrek gura badau otseintza edo empleo bat Bizkaian, itxaron daiala, baiña jesarrita bada-ezpada.

        Arrantza, ez dok?, oin otsein leku edo empleo-rik arrapetan ez dozuelako. Ikasi egizue euskerea, bertako elea, ta emongo jatzue agiri edo certificado-a poz-pozik edo duban, piperpoteak izan orren, orain arte poz-pozik eta duban emon izan jakon lez edozein euskalduni, naiz jeltzalea dala, naiz karlistea dala, naiz edozer dala.

        Baiña ez dozue ikasiko euskerea, maite ez dozuelako; ez bakarrik maite izan ez, ondiño geiago, gorroto dozuelako.

1918-VIII-13

 

aurrekoa hurrengoa