www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Orrenbeste?

 

        Baionako «Eskualduna» izparringian dakusku irakurgai bat, J. E.-rena (ez dakigu berau nor dan), eta bertan auxe irakurten dogu:

        «Gogorra, dorpea, askotan truskilla, bizkaitarren eskuara. Garbiago zauku, leunago ere mendiez hunaindian derabilaguna, nahiz den gutien bat aberatsago hangoa».

        Orrek ez gaitu bape arritu, amaika bider terdi entzun dogulako gure euskerea latza dala, au dala ta ori dala.

        Baiña arritu gaituana izan da J. E.-k gerotxuago emoten dauan arrazoia, ara:         «Irakurtzen dugularik, ezin adituarekin askotan buruan min emaiten dauku».

        Orra or zegaitik deritxon gure euskereari gogorra, dorpea, ta askotan truskilla.

        Baiña arrazoi ori, bardin-bardin emongo leukie emengo euskaldunek ango euskereagaitik. Emengo euskaldunek J. E.-ren «Eskualduna»ko irakurgaia, adituko leukiela uste al dau berak? Ez leuskioela burukomiñik egingo uste al dau?

        Arrazoi orretatik, ludiko ele guztiak dira «gogorrak, dorpeak eta askotan truskillak»... aditu ezin dauzan edonorentzat.

        Ez gara asarratu ori J. E.-k esan daualako, ez, bai zera!... berak esango leuken lez «irriño» bat urten jaku.

        Gure euskereak zazaza gitxi dauko, obeto esateko, geuk darabilgu zazaza gitxi; guk s, z, ts, tz abotsak, gogor esateko ekandua dogu, zazaza barik; eta ortik sortzen da gure euskeraren gogortasuna Frantzia aldeko belarrientzat. Guk ikasiko bagendu J. E.-ren euskerea be, gogorra urtengo litzakigu, geure oguzkereagaitik. Emen be, zizipaza dauken umeren batzuk eta emakumeren batzuk bizkaitar euskerea leun-leun, me-me, gozo-gozo, frantzitarren antzera egiten dabe.

        Bizkaitiar-euskereak, berak, ez dogu uste J. E.-k diñoan besteko dorpetasuna dauanik.

        Orain J. E.-k ezin dauala ondo ulertu? Ai, ori beste arlo bat da, adiskidea!

        Ori ez da gure euskerearen «dorpetasuna», ori, ezer izatekotan, zeure «dorpetasuna» da.

1921-VIII-17

 

aurrekoa hurrengoa