www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskeraz, mordoillo bada be

 

        Iru edo lau euskaldun abertzale purrukatuk, idun txarolezkodunak, geienetan oi daben lez, espaiñeraz itz egiten diardue.

        Artera jatorke lagun barri bat, euskalduna ta abertzalea berau be, ta besteak aiñako purrukatua izan ez arren, beti euskeraz itz egiteko oitura aberkoia daukona. Agur eginda, asten da izketan:

        —Ortxe beste kaleko fondan zeozer pasau bier ixen dau; jente pillua dago batuta ate-aurrien, eta atartien polizijakuek agiri dire...

        Ezin dau geiago esan. Asi jakoz barre destaiñaka, esana ebagiten, onetariko itandutxuakaz:

        —Kale?... zer da kale?

        —Fonda?... nungo euskera da ori?

        —Pasau!... euskera gaixoa!

        —Jente!... Polizijako... Ori euskeraren izkelgi barriren bat edo da, «dialecto vasco-españolista» edo...

        Zeozer edestuten edo kontetan asi danari gogait eragiten dautsoe, ta ainbeste burla ta destaiña ez entzutearren alde egiten da andik; eta aurrerantzean euskeraz itz egiteko bildurtuta, lotsatuta, adore andi barik.

        Beste abertzale purrukatuak, euskera garbi zaleak, kale ta jente ta fonda ta oneetariko erderazko itzik entzun ezin dabenak... erderaz, espaiñeraz, itz egiten darraie.

        Euskeraz itz egin gura izan dauanari barre ta burla egiñaz, galerazo, ta bera be erderaz beti egiteko bidean ipiñi.

        Eta eurek, iñoz iru edo lau esakune euskeraz ez dakienen aurrean izan ezik, beti espaiñeraz daragoioe, izanik Espaiñaren arerio itzelak eta izanik euskerea garbi dakienak (euren ustez).

        Orretariko iru edo lauk aberriari kalte geiago dakartsoe iru edo lau milla maketok baiño.

        Eurok euskerea ta euskal antz guztia galdu eragiten dabe.

        Orretariko guztiek a euren lagun gixajoak lez beti euskeraz egingo balebe, euskera mordoilloa izan arren, gure izketa onek indar geiago leuke.

        Orretarikoakaitik jazoten da, eurok erakuspidea emonda, ainbeste euskaldunek erderaz beti egitea, batez be kaleko jantzia ta bizimodua artu badaiz mustur ertzean bibote erretxu bat itxita.

        Ez, jauna, ez ta ez! Bakotxak berak dakian lez itz egin daiala, mordoilloz naiz ostera; bear dana da euskeraz egin. EGIN, EGIN!

        Ortxe igarriko da maite dan ala ez. Maite dozu? Erabilliko dozu! Ez dozu erabilten? Ez dozu asko maite!

        Ori baiño argiago zer gero?

Irakurle: euskera mordoilloa darabilzulako iñok destaiñarik egiten badautsu, erantzuiozu, iñori ezer esan barik berak ondo egin daiala, bere lagunakaz ta bere etxekoakaz erderaz ibilli barik.

        Eta azkenez, destaiñagiñai esan bear dautsegu, euskera mordoillodunak, itz-joskeran, esakeretan, eta erraztasunean, euskera polit bigun gozo-gozoa egiten dabela geienetan; eta destaiñagiñok iñoz egiten dabena, barrez, alde guztietatik ertz ta punta ta gogortasunez beterik egoten dala, bere laztasunagaitik euskaldun utsak iruntsi gura izaten ez dabela.

1923-II-16

 

aurrekoa hurrengoa