www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Eleizalde

 

        Burruka gogorra erabilli dau aspaldi onetan eriotzeagaz, baiña gixajoak azkenean lurra jo dau, guztiok jo bearko dogun lez.

        Atzo goizeko zazpi ta erdietan bere gogoa emon eutson Jaungoikoari.

        Bere geixoaldi luzean, benetako kristaua lez agertu da, ondoez guztia gogo sendoaz eroanik; benetako euskotarra lez, azkeneko orduraiño bere aberri Euzkadi oroiturik; baita benetako gizona lez be, eriotzeari bape ikara barik, aurrez-aurre begiraturik.

        Ointxe egoan ba, gure ustez, Eleizalde, sasoirik onenean aberriaren alde bere adimen argi ta ikasiaz lan ederra egiteko, ta orregaitik, bera galtzeak min andia emoten dausku abertzaleei; eta oldoztuten jarten gara, ta bururatzen jaku Jaungoikoak ez ete dauskun kendu berak merezi eban bestean maitatzen ez gendualako.

        Eleizalde gazte-gaztetxutik abertzalea izan zan. Sabin maisuaren adiskide kutuna zan. Bere lenengo idazkiak EUZKADI ingurtian argitaldu zituan, eta bereala igarri eben irakurlerik geienak «Koldobika» izenaz an agertuten zana idazle puntarengoa zala.

        Ordutik ona, danok dakizue zeinbat eta zelakoa idatzi dauan gure asteroko izparringietan, egunoroko onetan, liburuetan, aldizkingietan, eta abar. Onen barri danok dakizue.

        Zenbat irakurri eban, nok daki? Bere etxekoak bakarrik. Eleizaldek esango geunke liburutan larregi irakurri ebala; lanegi diñogu, bere osasunaren kaltean izan ete dan susmoa jatorkulako.

        Gu abertzaleon artean gizonik jakintsuena ta adimen argitsuena izan ez bada, bai beintzat jakintsuenetarikoa ta argitsuenetarikoa.

        Bera lako gizon batzuk, asko barik, euki bagenduz, edo bageukoz, laster sartu izango zan, edo sartuko litzake, gure Jel-batza ta gure aberria jakintza bidetik.

        Abertzale aurrenetarikoa izan da beti, azkenengo ordurarte; atzo bertan entzun geuntson esaten berari azkeneko ordurarte lagundu eutsan bateri, il baiño zerbait lenago esan ebala: «Nire neke oneek artu daistazala Jaunak neure Aberri gaixoaren alde, neure ustez berak merezi dauan baiño gaixoago».

        Gogoan eukan ba aberria eriotzearen aurrean be, olan adierazorik zein sakon eukan aberri maitetasuna.

        Langillea izan da, gitxi lakoa. Ezin zan egon zeozer egiten egon barik; batzuetan barre be eragiten eban bere urduritasunak. Osatebakuntza gogorra egiten eutsoen, eta oean egoala, andik egun batzuetara, oearen ondora eroan bear izaten eutsoen idazteko makiñea, ta an ekiten eutson lanean sendo, osasunaz beterik genbiltzanok baiño askozaz gogotsuago. Ezin geldi egon.

        Jaunak eroan dausku. Guk uste genduan bere bearra ba geunkala. Itxuraz alan ez da, edo bere bearraren duin ez gara, etxagoku berak egin leikean eusko bearrik... au ete da ba, Jauna? Oldoztutea bakarrik itzela da.

        Eleizalde gure anaieak beste aldean be beana egingo dau, ez idatziz, baiña bai otoiz. Bere aberri alde otoi egingo dau Jaunaren aurrean.

        Eta guk be otoi egin daigun bere gogoaren alde, bearbada gure otoizak bear baditu Jaunaren aurrera eltzeko.

        Orain arte otoitz egin dogun lez bere osasunaren alde, egin daigun bere osasun betikoaren alde.

        Eukizu Jauna or goian gure anai maite Eleizalderen gogoa!

        Betiko argiak argi begio!

1923-VII-25

 

aurrekoa hurrengoa