www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Azterketak Barakaldoko
jel-gaztetxeko euskal ikastolan

 

        Araiñegun goizean egin ziran azterketa edo esamiñak aurtengo ikastaroari amaia emoteko, ementxe leku onetan iragarri zan lez.

        Irakaslaria izan da Solaun-tar Jokin, eta beroni lagundu dautso asko zeregin onetan Intxaurraga-tar Paul gure adiskideak.

        Aurrean daukat Solaun irakaslariak azterketa ostean esandako itzeikizun labur mamintsua.

        Bertan diño irakaste-aldi gitxi euki dabela, batu ezkero ba irakastolan emon dan asti guzti-guztia, ozta-ozta elduko dala 50 (berrogeta amar) ordura.

        Irakastolan azaldu dana berridatzita daukela osorik ikaslariak, opor-aldian irakurri ta erabilli daikiena, gura izan ezkero.

        Ikasten asi ziranetarik erdiak inguru jarrai dirala azkenera arte, amabost, azkerketan agertu diranak.

        Enparauak alde egin dabela esanik euskerea gatxa dala ta eurak ez daukela bururik gauza gatxak ikasten ibilteko; ta Solaunek diño ez dala orregaitik euskereari istea, abertzaletasun gitxi daukelako ta gaur egunean euskerea jakiteak onurarik ez dakarrelako baiño.

        Zoritxarrez au egia dala, ta geure erruz dala, alegiñik egiten ez dogulako euskaltzaleok geure elea bear-bearrezkoa egiten emen geure Aberrian.

        Datorren urrengo Urrillean asiko dala barriro euskal irakaskintza Barakaldoko Jel-Gaztedi orretan.

        Geure zorion agurra Solaun-tar Jokin eta bere laguntzaille Intxaurraga-tar Paul irakaslariei, azkenerarte eldu diran amabost ikaslari zintzo orrei, eta baita Jel-Gaztedi orretako Bazkintza Artezkari zoliari be.

        Jarraitu, adorerik bape galdu barik, ekiñean dago gurendea, jo ta jo ta jo gauzarik gogorrenak apurtzen dira, ta gogorra da, ziñez, euskereaganako euskotarrak dauken oztasuna, baiña auxe be ausiko dogu ibilli ta ibilli.

 

* * *

 

        Ikastaroa askok asi ta gitxik amaitu, ori jazoten izan jaku, ta jaku, emen Bilbaon urtean-urtean; betiko gatxa da.

        Eta ez da abertzaleak ez diralako edo buru txarra daukelako edo euskereak onurarik ez daukolako, ez, zelanbaiteko nagitasuna da, guramen makala eukitea.

        Beste ainbeste jazoten da frantzerea ta ingelerea ikasten asten diranakaz be; lenengo aldietan aldra andia izaten da, ta askalditik iru edo lau illabetera begitu ta zenbatu, ta aldra ori ondo urri agiri izaten da; ori, onurea daukola frantzeraz ta ingeleraz itz egiten jakiteak.

 

* * *

 

        Beiñola, orain amarren bat urte dala, Bilbaoko Instituto deritxon irakastetxeko euskal ikastolan ebillen Fermaud abizena dauan atzerritar bat euskerea ikasten, eta bide batez esan daidan ementxe gizon zintzo buru argidun onek polito ikasi ebala gure abenda ele au.

        Bein ba, udabarri aldian, ikastolatik urtenda barriketan gengozala esan genduan tamala dala euskotarrak ain zaletasun gitxi eukitea euskerea ikasteko, gogoa illundu ta otzituten dala ikusirik, urte artan lez, irurogei inguru asi ta azkenerako ogetabostetik ogetamarrera bakarrik gelditzea; ta onan giñarduan tamal-itza dariola.

        Fermaud on orrek, orduan, irribarre egiñaz esan euskun:

        —Ara gizonak, ori jazoten da alde guztietan, naiz ta dirua irabazteko izan, ikastolan irakasten dana. Zuek emen kukurruku egin zeinkie; irurogeitik ogetabost gelditu, gurendea da.

        —Zer gurenda ta zer kukurruku, gizona! erantzun geuntson, emengoa ez da iñun jazoten.

        —Edestu (kontau) bear dautsuet ba, esan euskun, neuk ikusita daukodan onako jazokuna Frantzian, neure aitaren errian. Badakizue Frantziak lurki andiak daukozala Afrikan, eta beraz frantzitarrentzat guztiz onuratsua dala arabeen ele edo berbetea jakitea saleroste edo komertzioan egiteko Argel, Tunez, ta beste toki askotan. Ba, Montpelier uriak irasi (fundau) eban irakastola bat uri artako Irakastetxe Nagusi ospatsuan, irakaslari jakintsu ta beargiña jarririk. Urte artan neu be an nintzan, eta otu jatan arabe ikastea, ta emon neban neure izen-abizena irakastolan. Asi giñean, Iraillean, or berreun inguru ikaslari. Ordutik bost illabetera, Otsailierako, zenbat gelditu giñala uste dozue? Ia, jo egizue.

        —Eun? Larogei?

        —Bai zera! Askozaz gitxiago!

        —Berrogetamar?

        —Arritu zaiteze! Irakaslaria ta neu bakarrik! Orregaitik diñotsuet, zeuek uste ez arren, goitik zabiltzela arazo onetan; nagikeria ta guramen-eza ugari dirala alde guztietan; emen be ba dirala, baña askozaz gitxiago beste lekuetan baiño.

        Solaun-tar maite ori, ba, etzaitez ikaratu, asi jatzuzanetarik erdiak igesi egin badautsue. Ikusi dozunez gurendea da ori.

        Datorren urtean jo barriro, ia asten diran erdiak lotu al badagizuz. Eta orretara, ekiñaren ekiñaz, zuek or, guk emen, eta beste abertzaleak bakotxak bere tokian, urteakaz beste antz bat ipiñiko dautsogu gure Aberri erdaizaletu oni.

1915-V-11

 

aurrekoa hurrengoa