www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldun eskolabakoak

 

        Eskoleak jentea mendu ta ezi egiten dau. Eskola asko ta eskola onak dagozan erriak aurreratuagoak, obeak dira, eskola gitxi edo bapez dauken erriak baiño.

        Eskolabako jentea, eskolabako erriak, basatiak dira.

        Esakun orreek egiak dira. Geu be orretan gagoz, notin ikasia beti dala geiago ez-ikasia baiño.

        Baiña...

        Ez ikaratu, ez dogu esango ezer eskolearen aurka, bai zera!

        Gure asmoa gaur ez da besterik emen, geure euskal errian oartu doguzan gauza batzuk aitatutea baiño.

        Euskaldunek, beargin artekoak izan ezkero, eskola gitxi ikasten dabe; eta baserritarrak badira, geienak ia bapez, eta askok bapez, benetako eskolabako edo analfabeto geratzen dirala.

        Bai ba, zelan ezer zuzen ikasiko dabe, euren maisu-maistrak eurakaz ezin aitu badira?

        Olantxe ba, gure euskaldun gixajoak, edo eskola barik edo erdi-eskoleaz geratzen dira.

        Erdaldunak, ostera, geienean eskola onak daukiez, maisu ta maistrak euren berbetakoak, asko ta ondo irakasten dautsienak al dabelako.

        Beraz, gure euskaldunek basati (salvaje), kirten, astopatxiko, lotsabako ta oneetarikoak izan bear.

        Eta erdaldunak, naiz ango naiz emengo, euskaldunen aldean jente azikera onekoa, jente mendua, berbetan ondo dakiana, lotsa edo errespeto andikoa abadeentzat, nausientzat, zarrentzat, gurasoentzat, eta edozeiñentzat.

        Alde andia egon bear onetan euskaldunetatik erdaldunetara.

        Baiña... zer da ikusten dana?

        Guk beintzat ikusten doguna da:

        Zoaz trenean, irugarreneko burdian, baserritar euskaldunakaz batera, ta ez dozu entzungo astakeririk, lotsabakokeririk, berba txarrik, ezeren ardura barik joan zindekez euren artean. Sartu zaitez, ostera, erdaldunakaz irugarreneko burdian, eta an entzungo dozuz «diabru-letaiñak», eta izketa bada-ezpadakoak, ezeri ta iñori lotsarik ez dautsiela.

        Euskalerrian zoaz baserri baztertuetara, eskola barik antxe basoan bizi diranen artera, ta antxe idoroko dozu jenterik zintzoena, jente argia, edozetan zeuri laguntzeko gertu daukozuna, naiz jana ta naiz ostatua konprimentu gitxigaz emongo dautsuena.

        Eta euskalerrian bertan, uri andi ta burdinbide eta bitxabal ondoetako jenteak, areek baserri baztertukoak baiño geiago ikasita dagozanak, eskola geiago daukienak, etxatzuz ain argi egoten, bidezko agurra be nekez egingo dautsue. Eta basokoak bidean kurutzetu orduko argi-argi «Egunon edo arrasteion» esango dautsue.

        Onelako gauzak oartuta sarri egon gara esaten geure arterako: «Eskoleak jentea gaiztoagotu egiten dauala esan lei».

        Baiña... ez, eskoleak ez dauko orretan errurik, erdereak berak baiño.

        Erdaldunei eta urietako euskaldunai maisuak eta maistrak eskolan irakasten dautsie gauza ona, baiña erdera orrek kalean eta antzokian eta joko lekuan eta edonun beste irakaste bat emoten dautse. Eskolan gauza bat, eta eskolatik at beste gauza asko ta ez onak.

        Orregaitik, iñoz esaten da, ta egiz esan be, gure euskera eder onek Uzkurtz edo Erlejiñoa jagoten dauala; eta esan daikegu arez ganera, gure euskera onek jagoten dauala ondiñokarren mendutasuna (zibilizaziñoa).

        Euskera bako eskoladunak basatiagoak agertzen jakuz eskolabako euskaldunak baiño.

        Gure oarra beintzat orixe da. Euskaldun utsen artean, sekulan eskolara joan ez badira be, nasai egoten gara, ezagutzen ez doguzan arren; erdaldunen artean edo euskaldun urietako ezezagunen artean ez ain nasai, errezeloz baiño.

        Gure erri zoritxarreko onetan eskolea lenengotik euskeraz emon balitz, noraiñoko goieran gaur aurkituko litzake berau?

        Ziur gagoz, ludian aurrenengo errien artean legokela.

        Eta sartu dan erdereaz, ostera, naiz ta eskola bat ipiñi kale ta auzo bakotxean, euskerea galduaz geroago basatiagoa ta zakarragoa egingo da.

1923-III-16

 

aurrekoa hurrengoa